Eduki publikatzailea
Atzealdea Santuenearren gehiengoak eskubaloi kantxa bere horretan mantentzearen alde bozkatu du
2022·12·19
Santuenearren gehiengoak eskubaloi kantxa bere horretan mantentzearen alde bozkatu du abenduaren 17ko galdeketan. “Nahi al duzu auzoaren erdigunea berrantolatu, horretarako eskubaloi kantxaren neurriak txikitu behar badira ere?” galderari, 116 auzotarrek ezetz erantzun diote, eta 49k, baietz; baliogabeko boto bat izan da. Beraz, galdeketan, %70ak egin du eskubaloi kantxa bere horretan mantentzearen alde, eta %30ak kantxaren neurriak txikitzearen alde; parte-hartzera deitutako 359 lagunetatik 166k parte hartu dute (%46ak).
Santuenea Elkarlanean talde eragileak eta udalak elkarlanean antolatu dute galdeketa, eta biak ere pozik agertu dira, emaitzak jakin berritan. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak, udalaren eta udal-gobernuaren izenean, parte-hartze maila nabarmendu du: “Ezer baino lehen, Santuenea zoriondu behar dugu. Horrelako galdeketak ez dira ohikoak, eta uste dut auzotarrek erakutsi duten ardura eta konpromisoa nabarmentzekoa dela”. Alkateak gogoratu duenez, galdeketaren emaitza errespetatzeko konpromisoa hartu zuen udalak hasieratik, eta halaxe egingo dute. “Prozesua gaur bukatzen da, eta Gabonetatik bueltan buru-belarri hasiko gara Auzo Plana garatzen”. Gogoratu duenez, auzo planak bi dokumentu utzi zituen: batetik, auzoaren egunerokoa hobetzeko behar dituen esku-hartzeen zerrenda eta bestetik, auzoak hurrengo 8-10 urteetan izan behar duen eraldaketa jasotzen duena. “Talde bat osatu dugu udalaren eta auzotarren artean: urtarrilean bilduko gara, eta ikusiko dugu hemendik aurrera zer urrats eman behar ditugun”.
Talde eragileko kideek ere balorazio positiboa egin dute, eta lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi: “Oso pozik gaude, egia esan. Emaitzak erakutsi du galdeketa egitea beharrezkoa zela. Urtarriletik aurrera lanean jarraituko dugu”.
Udalaren eta talde eragilearen balorazioa, bideoan, emaitzak jakin berritan.