Albisteak
Atzealdea

Santuenea eta Txokoalde arteko bidea erabat itxita izango da uztailaren 26tik abuztuaren 12ra bitartean

Aginagako saneamenduko obrak direla eta, Txokoaldetik hasi eta Errotaberri baserriraino erabat itxita izango da bidea, hiru astez. Gero, irailaren hasierara bitartean, partzialki egongo da itxita, lanegunetan, 08:00etatik 18:30era bitartean.

2022·07·22


Uztailaren 26tik abuztuaren 12ra bitartean, Santuenea eta Txokoalde arteko bidea erabat itxita egongo da, Ura Agentzia eta Añarbe Mankomunitatea egiten ari diren Aginagako saneamenduko obrak direla eta; bertako bizilagunek eta baratza dutenek pasatzeko aukera izango dute. Hortik aurrera, partzialki egongo da itxita, astelehenetik ostiralera.

Ura eta Añarbe ekainean hasi ziren eremu horretan lanean, Txokoaldetik hasita: izan ere, orduan iragarri zutenez, lanak bi fasetan egitekoak ziren. Aitzitik, uste baino erritmo handiagoan ari dira, eta hori dela eta, uztailaren 26an bigarren faseari ekingo diote, bi zatietan aldi berean lan eginez. Hau da, Txokoaldeko lanekin jarraituko dute eta, gainera, Santueneko zatian hasiko dira lanean: 100 metroko hodi bat sartu behar dute. Orain arte bezala, kamioiak Txokoaldetik sartuko dira bertara: joan-etorri etengabean arituko direnez, erabat ixteko eskaera egin dute, oinezkoen segurtasuna bermatzeko.

Ixteko eskaera epe luzeagokoa zen jatorrian, baina udala ahalik eta motzena izan dadin ahalegindu da, jende asko ibiltzen baita bertatik paseoan edo kirola egiten. Obra guztiek, ordea, izaten dute eraginen bat, eta, kasu honetan, hiru astez erabat ixtea eta hurrengo asteetan partzialki ixtea ekarriko dute lanek: izan ere, abuztuaren 12tik irailaren hasierara bitartean, lanean jarraituko dute, baina, kasu horretan, partzialki egongo da itxita, hau da, lanegunetan 08:00etatik 18:30era itxiko da; ordutegi horretatik kanpo eta asteburu eta jaiegunetan libre egongo da bidea.