Albisteak
Atzealdea

Santuenea eta Europako funtsak

2021eko maiatzeko Udalberrin argitaratutako zutabea, Santueneaz eta Europako funtsez.

2021·05·07


Hitzetik hortzera darabilzkigu Europako funtsak. Berezko izena Next Generation EU da, eta Europar Batasunak martxan jarritako ez-ohiko programa ekonomikoa da, pandemiak eragindako ez-ohiko krisi sanitario, ekonomiko eta sozialari aurre egiteko. Espainiako Kongresuak onartu berri du diru funts hauek kudeatzeko lege dekretua, eta euskal alderdiak kritiko agertu dira, kudeaketa zentralista izango delako eta ez dielako inolako tarterik uzten erkidegoei eta tokiko erakundeei. Jaurlaritzak berak prest du Euskadi Next 21-26 programa, Espainiatik 5.700 milioi euro erakartzeko, diruz lagundu nahiko lituzken 188 egitasmoko zerrenda, hain zuzen ere. Udaloi, ordea, ez zaigu iritzirik eskatu, zerrenda hori egiteko.

Milioi asko eta asko daude jokoan, eta eztabaida ez da falta. Batzuen ustez, dirua iristen bada, ez da zaparradaka iritsiko, eta ez da izango herritarren behar sozialak asetzeko edo zerbitzu publikoak garatzeko, baizik eta enpresa handientzako eta megaproiektuentzako.

Ikuskizun, beraz. Edonola den, prozesu honetatik nagusiki gardentasun falta eta informazio eza azpimarratuko nituzke. Gaur da eguna udalotan ez dakigula dirurik iritsiko ote zaigun zuzenean, eta iritsiko balitz, ze baldintzetan iritsiko den, zenbat, zertarako eta noiz. Hamarnaka galdera; erantzunik ez, ordea.

Ziurgabetasuna nagusi bada ere, guk etxeko-lanak eginda izan nahi ditugu, badaezpada ere. Eta horretan gabiltza. Esate baterako, diruz lagundu nahi dira degradatutako auzoak integralki berroneratzeko eta etxebizitzak birgaitzeko proiektuak. Eta finantziazio lerro horretarako proiektua lantzera goaz Santuenerako, Santueneko auzotarrekin batera.

Santuenea 60ko hamarkadan eraikitako langile auzoa da. 440 biztanle inguru ditu egun, eta han biltzen dira herriko errenta baxuenak eta langabezia-ehuneko handienak. Biztanleria gutxitzen eta zahartzen ari da, eta migrazio portzentaje altua du. Urbanistikoki, oro har, kalitate baxuko eraikinek osatzen dute auzoa: isolamendu gabekoak, igogailurik ez, atari asko ez dira irisgarriak, etxebizitzak txikiak dira, eta abar. Auzoko urbanizazioa, itxuraz, eraikinak baina hobeto dago, baina sareak berritzeko beharra dago, gehienbat, saneamendua eta argiteria.

Santuenea sozio-urbanistikoki auzo kalteberatzat jo daiteke, eta udalaren lehentasunetako bat da auzotarrekin batera interbentzio integral bat bultzatzea: auzoaren berroneratze integrala, eraikuntzaren eta urbanizazioaren birgaitze jasangarria eta komunitatearen behar sozialak uztartuko dituena. Auzoaren eraldaketarako proiektu berritzaile bat lantzera goaz, hortaz. Horretarako, ekainean bertan auzotarrekin parte hartze prozesu zabala bat hasiko dugu, Hiritik At kooperatibak dinamizatuko duena. Prozesu honen bidez, gainera, auzotarrak ahaldundu zein auzoaren izaera komunitarioa indartu nahi ditugu. Bagoaz, beraz, Santuenea. Ez da erronka makala parez pare duguna.