Eduki publikatzailea
Atzealdea Santuenea Elkarlanean parte-hartze prozesua bigarren fasean sartuko da, ostiraleko bilera irekiarekin
2022·03·10

Santuenea Elkarlanean parte-hartze prozesua bigarren fasean sartuko da ostiral honetan: izan ere, auzoari bere osotasunean eragingo dioten epe luzerako proiektuak izango dituzte hizpide bilera irekian; auzo elkartearen lokalean, Santuenea 12an, bilduko dira, 18:30ean. Epe motzeko esku-hartze txikiak jada zerrendatu dituzte, eta udal baliabideekin egiten saiatuko dira.
Iaz hasi zuten udalak eta auzotarrek Santuenearen inguruko parte-hartze prozesua, Hiritik At kooperatibaren gidaritzapean. Tarte honetan, auzoaren inguruko diagnostikoa egin dute, gabeziak identifikatu eta auzotarren ekarpenak jasoz. Horiek aztertuta, egin beharreko lanak bi multzotan sailkatu dituzte: epe motzean, modu errazean egin daitezkeen esku-hartzeak, batetik, eta epe luzera begira egin beharrekoak, bestetik.
Etxealdian urte hasieran egin bezala, epe motzeko lanak udal-brigadarekin egingo dituzte Santuenean ere. Izatez, talde eragileko ordezkaritza bat eta udal ordezkari tekniko zein politiko bana auzoan barrena ibili ziren atzo, esku-hartze txiki horiez hitz egiteko eta lekuan bertan ikusteko: lanak planifikatu eta gauzatzea izango da hurrengo urratsa.
Horrekin batera, auzoari bere osotasunean eragingo dioten proiektu handiagoen gaiari helduko diote ostiraleko bileran. Epe luzerako lanak dira, dimentsio handiagokoak baitira: diru-iturriak lortu, proiektuak idatzi eta lizitazioak egin behar dira. Besteak beste, etxebizitzetan igogailuak jartzeko aukerez, auzoaren irisgarritasunaz, eta, oro har, espazio publikoaz hitz egingo dute.
