Eduki publikatzailea
Atzealdea Santuenea Elkarlanean: auzoa aztertzeko txangoak abenduaren 2an eta 11n
2021·11·25
Santuenea Elkarlanean talde eragilea Auzo Planaren definizioa dinamizatzeko sortu den boluntario taldea da. Bidenabar, ateak irekita daude edozein auzokidek bertan parte hartu nahiko balu. Usurbilgo Udalaren babesarekin eta Hiritik At Koop.-en bide-laguntzaz, diagnostiko fase betean murgilduta dago. Galdetegien ostean, beste ariketa praktiko bat proposatuko diete auzokideei: auzo txangoak.
Auzoa aztertzeko bi txango egingo dituzte: galdetegian aipatutako gaietan sakonduz, auzoaren azterketa zehatzago bat egitea da asmoa. Hona txango horien datuak:
- Abenduaren 2a, osteguna: 18:00etan.
- Abenduaren 11, larunbata: 10:00etan.
Txango horien bidez Santueneako kale eta txokoak begirada analitikoz aztertu nahi dituzte. Ordu desberdinetan jarri dituzte hitzorduak, egun argiz zein iluntzean eginda ekarpen desberdinak jaso ditzaketelakoan. Auzoaren aukerak, gabeziak eta puntu kritikoak identifikatu nahi dituzte txango horien bidez, diagnostiko borobilago bat lortze aldera.
Txango bakoitza bi ordu ingurukoa izango da. Auzotar guztiak gonbidatu nahi dituzte txangoetara, Santuenea hobeago bat elkarlanean eraikitzeko.