Eduki publikatzailea

Atzealdea Santixabel on guztioi!

2024ko ekaineko Udalberrin argitaratutako zutabea, Santixabeletako txupinazoaz eta soka dantzaz.

2024·06·27


Ate joka ditugu Santixabelak, eta, beraz, aukera aparta dugu urte guztiko nekeak, estresak eta betebeharrak albo batera uzteko, burua arintzeko, gorputzak bizkortzeko, eta festak bete-betean disfrutatzeko.

Eskertzekoa da, dudarik gabe, gu guztiok ondo pasatzeko hilabete luzez festak antolatzen aritu diren herritarrek egindako lana: udal langile eta zinegotziek, herriko taldeek, gurasoek, gazteek, jubilatuek... Jai-batzordeak aurten ere egitarau bikaina osatu du: herritik eta herriarentzat. Adin guztietarako ekintzak proposatu dituzte, izan ere, festek ez dute adinik, eta denok dugu eskubidea festa giroaz gozatzeko, baita zaintza beharrean dauden herrikideek ere. Ahalegin handia egin da horretan, eta urrats garrantzitsuak egin dituzte jaiak ere zaintzarako eremu izateko.

Hala, nabarmentzekoa da herriko jaiei hasiera herriko adineko emakume zaintzaileek ematea. Haiek izatea txupinazoa botatzeko ardura eta ohorea izango dutenak. Izugarrizko ilusioa eragin didan erabakia izan da. Izan ere, urteak daramatzagu Usurbilen herri zaintzaileagoa izateko helburuz lan komunitarioan, zaintza lanei balioa ematen eta ikusgarri egiten. Sei emakume aterako dira udaletxeko balkoira, baina omendu nahi ditugun emakumeak askoz gehiago dira: gure bizitzen sostengu izan eta goxoki zaindu gaituzten emakume guztiak omendu nahi ditugu. Orain guri dagokigu haiek zaintzea, duintasunez zaintzea, euren eskubideak, erabakimena eta nahiak errespetatuz.

Halaber, bada nabarmendu nahiko nukeen beste ekitaldi bat ere: soka-dantza. Azken urteotan jatorri ezberdinetatik herrira bizitzera etorri diren lagunak gonbidatu ditugu gurekin dantza egitera. Izan ere, Usurbil herri zaintzailea izateaz gainera, harrera herri izatea ere nahi dugu, eta horretan ari gara azken urteotan buru-belarri.

Gure herria etengabe aldatzen ari da: ingurura begiratu besterik ez dugu horretaz ohartzeko. Guretzat aniztasuna ez da mehatxu bat; aberastasuna da. Ondorioz, ezinbestekoa da etorkizunera begirako oinarri sendoak ezartzea gure herriak duen jatorri, identitate eta kultur aniztasuna onartu ez ezik, balioan jartzeko eta bizikidetzarako elementu bihurtzeko. Izan ere, gure gizarteetako usu nagusiek gureak eta besteak bereizten erakusten digute, eta horiek desikasi beharrean gaude, edonon denok antzeko ametsa baitugu: bizitza duina garatzea. Ez dugu ametsa amesgaizto bihurtzen uzteko eskubiderik.

Beraz, aurtengo soka-dantzak herriko jatorri aniztasuna islatu eta Usurbilgo bizilagunen aniztasuna balioan jarriko du, inor bere herrian arrotza senti ez dadin.

Zaintza eta aniztasuna, beraz, ertzetako gaiak izatetik erdigunera ekarriko ditugu aurtengo jaietan. Ondo pasatzeko ez ezik, balioak lantzeko eremu ere badira jaiak. Gora Santixabelak!