Eduki publikatzailea
Atzealdea Santa Ageda koplekin itzuliko dira ‘Goazen kalera, Usurbil’ saioak, otsailaren 4an, Aginagan
2025·01·24
Goazen kalera, Usurbil saioen datozen aste eta hilabeteetako hitzorduak prest dira: otsailaren 4tik maiatzaren 27ra bitarteko egutegia prestatu dute. Kantuan ibiliko dira lehenengoan, otsailaren 4koan, Aginagan, Santa Ageda dela eta, Arrate jubilatu elkarteak eta eskola txikiko ikasleek antolatuta, ohi bezala, 10:30ean hasita.
Ariketa fisikoa egiteaz gainera, belaunaldi artekotasuna sustatzea eta elkarren arteko zaintza eta harremanak bultzatzea ditu helburu Goazen kalera, Usurbil ekimenak. Denbora tarte batez antolatu gabe egon ostean, iaz berreskuratu zituzten saiook, elkarlanean, udalak, jubilatuen elkarteek eta herriko ikastetxeek. Berrikuntza gisa, gainera, Usurbilgo kaxkoan ez ezik, Aginagara, Santuenera eta Zubietara ere zabaldu zen ekimena. Ordu eta erdi irauten du saio bakoitzak, 10:30etik 12:00etara, eta OLH Oinarrizko Lanbide Hastapeneko sukaldaritzako ikasleek prestatutako hamaiketako osasuntsuekin amaitzen dituzte.
Egutegi berriaren arabera, 13 saio egingo dituzte, guztira. Saioak Usurbilgo kaxkoan egokitzen diren egunetan — martxoaren 18an eta maiatzaren 20an izan ezik— , Egurtzegitik edo Eguneko Arretatik pasatuko dira ibilaldiak, eta bertan egingo dute hamaiketakoa, frontoian beharrean.
Egutegia, PDFan: hemen.