Eduki publikatzailea

Atzealdea San Joan bezperako suetarako segurtasun neurriak adostu dituzte udalak eta eragileek

Debekatu gabe, arrisku egoerak saihesteko neurriak adostu dituzte udalak eta Kalezarko Jai Batzordeak, Santuenea Kultur Elkarteak eta Zubietako Pilota Elkarteak.

2026·06·23


Muturreko beroagatik ezarritako alarma gorria tarteko, San Joan bezperako suak egiteko segurtasun neurriak adostu ditu udalak Kalezarko Jai Batzordearekin, Santuenea Kultur Elkartearekin eta Zubietako Pilota Elkarteak. San Joan bezperako ohiturari eutsi nahi izan zaio, udako solstizioari ongi-etorria eman, betiere segurtasun neurriak hartuta: zentzu horretan, sura hurbiltzea galarazita egongo da, eta herritarrei eskatzen zaie erantzukidetasunez eta arduraz joka dezatela, antolatzaileek emandako irizpideak errespetatuz.

Usurbilen, Kalezarkoa izaten da San Joan bezperako su nagusia, baina Santuenean eta Zubietan ere antolatu izan dute, azken urteetan. Ezohiko egoera tarteko, hainbat neurri adostu dituzte udalak eta eragileak. Batetik, ohi baino su txikiagoa egiteko konpromisoa hartu dute, eta sua handiago egiteko erabili ohi diren materialak ez erabiltzekoa. Bestetik, suaren eta herritarren arteko distantzia ohi baino handiagoa ezarriko dute, hesitzearekin batera. Su horietan guztietan mangera bana izango dute, eskura.

Landa eremuan, baserrietan, ohikoa izaten da suak egitea. Kasu horretan ere, udalak arduraz jokatzera deitu ditu herritarrak, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak egindako gomendioa ere gogoan izatea, baso-masetatik hurbil dauden eremuetan suak piztea saihesteko, alegia.