Eduki publikatzailea

Atzealdea Saharar herria babesteko aldarria

Udalaren mikrobusa jaso du Tolosaldea Sahararekin elkarteak dohaintzan, apirileko osoko bilkuran hala erabakita. Fronte Polisarioak EAEn duen ordezkaria bertan izan da, nazioarteko komunitatearen erantzukizuna salatu eta erreferenduma deitzeko exijitu du.

2020·12·18


Apirileko osoko bilkuran EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin erabakita, gaur, udalaren mikrobusa Tolosaldea Sahararekin elkarteari eman diote dohaintzan. Mikrobusa eman aurretik, zenbait adierazpen egin dituzte prentsaurrekoan Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak, Mohamed Limam Ali Fronte Polisarioak EAEn duen ordezkariak eta Gregorio Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko ordezkariak.

Solaberrietak ekitaldia baliatu du saharar herriari Usurbilgo Udalaren babesa eskaini eta Marokok azken hilabetean abiatu duen erasoa salatzeko, azaroko osoko bilkuran Usurbilgo Tadamun elkarteak aurkeztutako mozioa gogoan hartuz (EH Bilduren eta EAJren botoekin onartu zuten). Osoko bilkura hartan, abstentziora jo zuen PSE-EEko zinegotziak mozioa bozkatzeko orduan, eta, hain zuzen, Espainiak auzi honetan duen “erantzukizuna eta pasibotasuna” nabarmendu zituela gogoratu du Solaberrietak. Halaber, mozio hartan Usurbilgo udalbatzarrak eskatu zituenak gogoratu ditu (oharraren amaieran).

Gregorio Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak eskerrak eman dizkio Usurbilgo Udalari, izan ere, udalak elkarteari dohaintza egin dion hirugarren aldia baita. “Urtean daramatzagu kolaboratzen: gure esker ona Usurbilgo herriari eta udalari”. Azaldu duenez, aurten, ezin izan dute “Oporrak bakean” programa egin ahal izan, Saharako haurrak Euskal Herrira ekartzeko, eta programa alternatibo bat sortu dute: haiek etorri beharrean, haiek joatea Saharara laguntza eramatera. “Hau bezalako ibilgailuak lortzen ari gara horretarako: mugak irekitzen dituztenean, ibilgailuak poltsaz bete eta gu joango gara kanpamenduetara, horixe da gure asmoa”. Eizagirrek nabarmendu duenez, kanpamenduetan badute elbarrituen ospitale bat, eta udalak emandako ibilgailua horren zerbitzura jartzeko aproposa da. Amaitzeko, elkarlanari eusteko nahia berretsi du Eizagirrek.

Mohamed Limam Ali Fronte Polisarioak EAEn duen ordezkariak ere Tolosaldea Saharari zein Usurbilgo Udalari eskerrak emanez hasi du hitzartzea, eta gogoan hartu du udalbatzak onartutako adierazpena. “Marokok protestan ari ziren sahararrak balaz josteko hartutako erabakiaren osteko adierazpena da, desmilitarizatutako gune batean, zeinak eragin zuen Saharako unitate militarrak mobilizatzea haien bizitzak salbatzeko”. Su-etenaren 29 urteak bonbardatzea ekarri du Marokoren erasoak, Limamek salatu duenez: “Egiari zor, saharar herriak egindako apustu bakezale iraunkorrari esker egon da indarrean hainbeste urtez: positiboki baloratu beharrean, ahuldade keinutzat hartua izan da”. Nazioarteko komunitatearen erantzukizunaz ohartarazi du Limamek, bereziki, Espainiarena: “Gure alde ditugu arrazoia eta nazioarteko legedia. Espero eta desio dugu Europako herrialdeek, eta, bereziki Espainiak, ez egitea iskin beren erantzukizun politiko eta historikoei”. Okupatzaile den Maroko babesten jarraitzea ez da XXI. Mendera egokitzen den politika bat, Limamek salatu duenez, eta erreferenduma antolatzeko eskaera egin du. “Uste dugu oraindik garaiz gaudela saharar herriari botoa ematen uzteko: ez gara beste munduko ezer eskatzen ari. Ez diezaiogun eska saharar herriari fede onari eusten jarraitzeko, nazioarteak Maroko babesten jarraitu bitartean”.

  • Azaroko osoko bilkuran onartutako puntuak:
    • Saharako herriaren eta haren legezko ordezkari Fronte Polisarioaren borrokari gure zalantzarik gabeko elkartasuna berresten dugu.
    • Marokoko Erresumari egozten diogu 1991eko su-etena apurtu izana, baita Magrebeko eskualde osora zabal daitekeen ezegonkortasunaren erantzukizuna ere.
    • Minursori eta Nazio Batuei eskatzen diegu eremu horren segurtasuna eta sahararren giza eskubideen zaintza berma dezatela, eta autodeterminazio erreferendumaren bidez, Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbide bidezkoa eta behin betikoa susta dezatela.
    • Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari eskatzen diogu Mendebaldeko Saharan gertatzen den guztiarengatik dituen erantzukizunak bere gain har ditzala: lurralde ez-autonomoa da, Marokok legez kanpo okupatua, NBEren agindupean, eta gatazkan dauden bi aldeak Genevako Hitzarmenaren sinatzaileak dira.
    • Espainiako Gobernuari exijitzen diogu Mendebaldeko Sahara “de iure” administratzen duen potentzia gisa duen erantzukizuna bere gain har dezala. Eta horren arabera joka dezala, autodeterminazio erreferendumaren antolaketan eta Saharako biztanleria zibilaren babesean parte aktiboa izanik.
    • Sahara Euskadi Mugimenduak Fronte Polisarioaren Ordezkaritzarekin batera Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa babesteko deitzen dituen mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen ditugu euskal herritarrak.