Eduki publikatzailea

Atzealdea Sagardo Mahaia

2024ko maiatzeko Udalberrin argitaratutako zutabea, osatu berri den Sagardo Mahaiaz.

2024·06·06


Maiatza hilabete berezia izaten da usurbildarrontzat, hilabete honetan ospatzen dugulako hain berezia eta kuttuna dugun Sagardo Eguna. Sagardo Eguna antolatzen herri aitzindaria izan zen Usurbil, eta ibilbide luzea egin du sagardoaren kultura zabaltzeko ekimen honek: dagoeneko 41 alditan ospatu da. Ez da ez marka makala!

Zentzu horretan, eskerrak eman nahi dizkiet azken urte luzeetan egun honen antolakuntzan aritu diren herritarrei, bai eta errelebo deialdiaren aurrean, aurrera urratsa egin dutenei, erritu eta egun berezi honen antolakuntzaren erronkari eusteagatik.

Sagardoa eta sagardoaren kultura zabaltzeko hamaika egitasmo eta proiektu sustatzen dira urte osoan zehar gure herrian, sagardogintzaren bueltan ari garen hainbat eragilek osatu genuen Usurbil: sagarraren bihotza, sagardoaren kultura agendak erakusten duen bezala. Ekimen asko eta askotarikoak: Txotx garaia bera, Sagastiak Loretan, hezkuntza eta formazioari lotutako ikastaroak, sukaldaritzari lotutakoak, etxeetako sagardo ekoizpena, dastaketa eta lehiaketa... edota ekainaren 9an Aginagako Eliza Zaharrean ospatuko den egurrezko barriketan egindako sagardo txapelketa. Txapelketa aitzakia baino ez da sagardogintza tradizionala berreskuratzeko, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu izan den sagardoa egiteko modua, kultura, jakintza eta ezagutza ez galtzeko eta indarra hartzeko. Horretan ari direnen ahalegina txalotu nahi dut, eta horrekin bat egiten dugulako laguntzen du diruz udalak ekimen hori ere.

Esango nuke ez dela inon gisa honetako egitaraurik osatzen. Eta hori bada zerbaiten seinale. Horrek adierazten du bizi-bizirik dagoela herrian sagarraren eta sagardoaren inguruko jarduna. Usurbil, sagarra eta sagardoa elkarri lotutako hiru kontzeptu dira. Sagarra eta sagardoa gure bizimoduaren ardatz izan dira mendetan, eta sagardogintza aspaldiko langintza dugu Usurbilen: aspalditik dator, eta usurbildarren eskutik bizi-bizi jarraitzen duen ondarea dugu gaur egun ere. Sagardotegi ugari ditugu, baina, horrez gain, sagardoa etxean egiten duten familiak eta kuadrillak ere badira gurean. Eta ez gutxi, gainera, 30 inguru.

Kultura oso eta bizi bat dugu, oraindik orain, sagardoaren inguruan. Eta hori hala izanagatik ere, jakitun gara arriskuak ere egon badaudela, desafioak eta erronkak ez direla makalak. Erronka horiei elkarrekin aurre egiteko asmoz osatu dugu, hain justu, Sagardo Mahaia: nor beretik aritzeaz gainera, eragileon elkarlanerako mahai edo topagunea da, hainbat proiektu elkarrekin osatu, diseinatu eta martxan jartzeko. Mahai horretan parte hartzen dugu Usurbilgo Udalak, Alkartasuna kooperatibak, Sagardoaren Unibertsitateak, sagardotegiek, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Noaua Kultur Elkarteak, Sagardo Egunaren Lagunak eta Hurbilago herriko merkatari eta ostalarien elkarteak. Ekainaren 17an dugu hurrengo hitzordua: lerrook baliatu nahi ditut eragileei parte hartzeko gonbita luzatzeko.