Eduki publikatzailea
Atzealdea Sagarberritu: sagardo botilak berrerabiltzeko proiektu pilotua, martxan
2019·10·18
2018. urtean Beterri-Buruntza eskualdean dauden 40 sagardotegietan erabili eta berrerabiltzen diren beirazko botilen datuak bildu ziren, eta egindako azterketatik ondorioztatu zen sagardo botilen berrerabilpena indartzeko aukera dagoela, ekonomia zirkularra aktibatuz, Gipuzkoako lurralde esparruaren zati honetan. Egindako ikerketan oinarrituta Beterri-Buruntzako udaletan 1.842.553 botila ekoizten dira, eta horietatik %78 berrerabiltzen diren arren, 401.673 botila, hau da, %22, berrerabilpen ziklotik kanpo geratzen dira.
Ekonomia zirkularrean oinarrituta, sagardo-sektoreko botilak jaso, garbitu eta berrerabiltzeko sistema jasangarri baten bideragarritasuna ematea da asmoa: teknikoa, ingurumenari dagokiona, soziala eta ekonomikoa. Ekonomia zirkularra garapen iraunkorrean oinarritzen da, eta produktuen, zerbitzuen, hondakinen, materialen, uraren eta energiaren "bizi-zikloa ixtean" oinarritua dago. Beirazko sagardo botilen berrerabilpenarekin botila bakoitzaren iraupena luzatu nahi da: horrela, ez da balioa duen ezer botako, alegia, erabilitako produktua berriz ere lehengaia bilakatzea lortu nahi da.
Proiektu honek hasieratik izan du helburu sozial nabarmena, izan ere, sagardo botilen bilketa burutzeko lanpostu premia berriak sortu baitira: Sartu-Erroak laneratze enpresa eta Beterri-Buruntzako udalen lan-hitzarmen bitartez, Beterri-Errotuz laneratze enpresa sortu, eta hori ari da proiektua kudeatzen. Irabazi asmorik gabeko sozietatea da, eta pertsonen orientazioa, formazioa eta laneratzea sustatzea du helburu.
Plan pilotuaren bidez, etorkizunean beira botilen berrerabilpenak merkatuan izango duen eragina zein den erakutsiko da, eta, ildo horretatik, esperientzia bestelako ekimen eta testuinguru geografikoetara zein ekonomikoetara transferitu nahi da, dimentsio handiagoa har dezan.
Azken finean, eskualdeko sektore estrategikoetako bat den sagardogintza industria indartu eta balorean jartzeko erronka da: buruaskitasunean oinarritutako sistema iraunkorragoa lortzeko, beira botilak gertuen dauden instalazio egokietan tratatzeko, hondakin kopurua jaitsi eta energia kontsumoa murrizteko eta garraioetako CO2 kopurua jaisteko. Horregatik da funtsezkoa eskualdeko herriek eta proiektu hau sustatzen duten eragileek elkarlanean ingurumena errespetatu eta zaintzeko estrategia konpartituak izatea.
Proiektu hau diruz lagundu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak, eta, era berean, Gipuzkoako Sagardo Elkartea eta Euskal Sagardoaren baitako entitateak dira sustatzaile nagusiak. Bestalde, proiektuan lagunduko du San Marko Mankomunitateak, bere baitako garbiguneetan sagardo botilak jasotzeko gune berezituak erraztuz.
Horrez gain, sagardotegiez aparte, herritarrek ere aukera dute beren botilak Garbiguneetara eraman eta berrerabilpen ziklo honetan parte hartzeko.
Informazio gehiagorako, 688 632 073 telefonora deitu edo idatzi beterrierrotuz@beterrierrotuz.eus helbidera idatzi.