Eduki publikatzailea
Atzealdea Peru Agirresarobek irabazi du Santixabeletako egitarau lehiaketa
2023·05·26

Asteartean, maiatzaren 23an, amaitu zen Santixabeletako egitaraua diseinatzeko lehiaketara proposamenak aurkezteko epea. Guztira, sei proposamen aurkeztu dira, eta epaimahaiak ebatzi du zeinena den lan irabazlea, hain zuzen ere, Peru Agirresaroberena. Irabazleak 500 euroko saria jasoko du. Epaimahaia Santixabel Jai Batzordeko bi kidek, diseinu arloan ezagutza duten bi adituk eta kultura arloko zinegotziak osatu dute.
Egitaraua ekainaren hirugarren astean etxez etxe banatzea aurreikusten du udalak.
Txupinazoa nork bota, erabakitzeko
Santixabelei lotuta, bigarren deialdi bat jarri zen martxan, txupinazoa nork eta zergatik bota beharko lukeen ebazteko. Ekarpenak egiteko kutxak jarri ziren udaletxean, kiroldegian, Potxoenean eta Sutegin, eta horren epea ere maiatzaren 23an bukatu zen: ekainaren 1ean izango da Santixabeletako Jai Batzordearen hurrengo bilera, eta bertan aztertuko dituzte jasotako proposamenak.
