Eduki publikatzailea
Atzealdea Pelaioenea eta Zumarteko lanetara bisitak
2020·06·29
Obretan dauden herriko bi eraikin esanguratsu bisitatu dituzte gaur Usurbilgo udalbatzako hiru alderdiek: Pelaioenea eta Zumarte. Udal-arkitektoarekin eta obra zuzendaritzekin egon dira, lanen inguruko azalpen teknikoak jasotzeko. Bi-biak ere irizpide nagusi bat aintzat hartuta ari dira egiten: eraikinak hutsetik ez hastea, baizik eta dagoena mantendu, eta birgaitzea, hain zuzen ere, Potxoenean edo kiroldegian egin zuten bezala.
Pelaioenean, esaterako, estalkia eta egitura egonkortzeko lanak aurreratuta daude. Ekhiñe Egiguren udal-arkitektoak azaldu duenez, “bat-batekoa” izan zen Pelaioenea birgaitzeko beharra: “Eraikin hau udalarena da, eta 2018ko udan konturatu ginen arriskuan zegoela: eraikina erortzeko arriskua zegoen, ezer egin ezean. Hasierako susto horrekin, konturatu ginen zerbait egin behar zela lehenbailehen arrisku hori saihesteko: helburua segurtasuna bermatzea zen”. Eraikinak bazuen kanaloi bat, amiantoduna, arrisku publikoa suposatzen zuena kale eta zoru publikoz inguratuta dagoelako. Eraiste prozesuari ekin zioten, kanaloia eta teilatua kentzeko, eta barruan erortzear zeuden egitura zatiak erretiratzeko. Segurtasuna bermatuta, hormak egonkortu eta teilatua jartzeari ekin zioten.
Birgaitzeetan oinarri duten beste irizpide bat da material natural eta jasangarriak erabiliz egitea. Pelaioeneak, orain, egurrezkoa eta teila mistoko teilatua du. Jatorrian, eraikinaren sarrera nagusia Belmonte kalean zegoen, eta orain ate bana jartzeko bi irekiera egin dizkiote fatxadan, plazara eta aparkalekura bana. Hala, eraikinaren erabileraren inguruko proiektua definitzen doan heinean, Kalezarko espazio publikoa aktibatzeko tresna izango dira.
Zumarteren kasuan, eraikin nagusia mantendu dute, eta gainera, handitu egin dute. Egigurenek azaldu duenez, eraikinak gabezia handiak zituen: ez zituen betetzen suteen aurkako babeserako irizpideak, ezta irisgarritasun baldintzak ere. Horrez gain, musika eskolak zeukan eskaintzarentzako, espazio falta ere arazo bihurtua zen. Hala, 2017an hustu zuten Zumarte musika eskola, eta OS3 arkitekto taldeari esleitu zitzaion lana. Eraikinaren erabilera guztiak kontuan hartuta, egun duen diseinua osatu zuten. Pelaioenearekin bezala, proiektuaren eta kontratuaren irizpide oinarrizkoena zegoena ahal zen heinean mantentzea izan da, birgaitzea, eta handitzea, behar zen azalera guztia edukitzeko.
Horrez gain, irizpide jasangarriak betetzeko, geotermia erabili dute, eta egurraren erabilera ere nabarmena da. OS3 taldeko kideek azaldu dutenez, lehen eraikinaren atzealdean zegoen lorategia galdu zenez, lorategi hori berreskuratzen saiatu dira estalki begetalak erabiliz. Beheko espazioa eraikitakoan, argi naturala sartzeko beharra ikusi zuten, eta hainbat patio ireki dituzte, beheko espazio guztira argitasuna sartzeko. Horrez gain, Zumartek hiru sarrera izango ditu, eta Txaramunto kalea eta Kale Nagusia konektatzeko aprobetxatu dute.
Zumarten sartzea
Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu duenez, Zumarten beharko den ekipamendua erosita dago. Izatez, udalaren eta Moyuaren arteko akordioaren arabera, obrak uztailaren 17rako amaituta behar zukeen, baina Covid19-ak hankaz gora jarri du dena. Eraikuntzaren sektorea geldiaraztearekin batera, hornikuntza arazoak izan dituzte. Ateak dira, zehazki, atzeratu direnak, baina enpresako ordezkari batek azaldu duenez, abuztuko azken astean iritsiko dira. Haren esanetan, abuztuko bigarren hamabostaldian tresnak eta sartzen hasteko modua izango dute Zumarte erabiliko dutenek: musika eskolakoek zein dantza taldekoek. Beranduenez, irailaren amaierarako guztiak bertan izatea aurreikusi dute.