Eduki publikatzailea

Atzealdea Pelaioenea

2021eko martxoko Udalberrin argitaratutako zutabea, Pelaioenearen ingurukoa.

2021·03·12


Legealdiko planean jasota daukagun proiektu garrantzitsuenetako bat gorpuzten aritu gara azken hilabeteotan:  Pelaioenea. Usurbilgo Udalak Etorkizuneko Pelaioenearen proiektua definitzeko lanerako markoak eskaini zituen, eta herriko emakumeek eta auzotarrek ez dute hutsik egin. Proiektua definitzeko prozesuek hainbat lanketa egin beharra eskatzen zuen, hainbat galdera mahai gainean jarri eta horiei erantzun adostuak emateko ariketa egitea. Eta zinez eskertu nahi dizuegu Pelaioenea Emakumeen Etxea eta auzo ekipamenduarentzako aterpe bihurtzeko egindako saioetan parte hartu duten guztiei erakutsi duten eskuzabaltasunagatik, elkar ulertzeko eta bi proiektuok uztar-

tzeko egindako ahaleginagatik.

Nolako Pelaioenea? Zertarako? Zer? Nola? Galdera horien guztien aurrean jarri, gogoeta egin eta adostasunera iristeko egin diren bilera ezberdinetan 40 lagun inguru elkartu gara, gazteak eta helduak; auzo desberdinetakoak; jatorri desberdinetakoak; parte hartzen ohituak eta horrelako prozesu batean lehen aldiz parte hartu dutenak. Atera dugu denbora, alde batera utzi ditugu bestelako eginkizunak, lotsak eta nekeak; egin ditugu proposamenak; plazaratu gure desadostasun eta ekarpenak; iritzia eman eta besteena entzun dugu, eta garrantzitsuena: proiektua adostu dugu.

Bide bat egin dugu. Baina, bidea ez da amaitu. Orain arte landutakoa, Pelaioenearen zimendu nagusiak dira. Proiektua etorkizunean sostengatuko duten zutabe nagusiak. Baita abiatzeko oinarria ere. Izan ere, oinarri horretatik abiatuta, Emakumeen Etxearen proiektuan parte hartzea erabakitzen duten emakumeek proiektuari mamia ematen jarraitu beharko dute. Erabakiak hartzen jarraitu, eta galdera berrien aurrean, erantzun berriak topatu. Eta gauza bera auzota-
rrek, auzo elkartearen bueltan. Edonola ere, orain arte egindako bideari eutsiz, orain eta gero, Pelaioenea elkarrekin jarduteko proiektua izango da. Bi proiektuen artean, eta udalarekin elkarlanean, hala egokitzen denean. Kokreaziorako espazioa, guztiontzako auzo/herri bizigarri, kohesionatu eta berdinzalea zerumugan.

Udalean, orain, prozesuan adostu den proposamen arkitektonikoa gauzatzeko prozesu administratibo eta urbanistikoari ekingo diogu. Lehenik eta behin, exekuzio proiektua erredaktatu behar da, eta, gero, obrak lizitatuko ditugu. Udazkenean obrekin hasteko moduan izatea da gure nahia. Gaur-gaurkoz ezin dugu ziurtatu obrek zenbat iraungo duten, baina urtea beharko dela aurreikus dezakegu. Eta, gutxi gora behera, milioi erdiko inbertsioaz ari gara hizketan. Testuinguru ekonomikoa udalontzat zaildu bada ere, gure konpromisoa erabatekoa da proiektu honekiko.

Izan ere, pandemia betean egonik, zentzu handiagoa hartzen dute halako proiektuek. Gisa honetako herri-proiektuek. Elkar zaintzeko garaiak direla diogu. Lan solidario eta komunitarioaren garaia dela. Eta proiektu honek komunitatea eraikitzen lagunduko duela ziur naiz, guztion zaintza bilatzen duen komunitatea, hain zuzen ere. Ea urte eta erdi barru, festa erraldoi baten bidez irekitzen ditugun Pelaioeneako ateak. Bitartean, zaindu, animo eta ez etsi!