Eduki publikatzailea

Atzealdea Pediatra postua luze gabe betetzeko eskatu dio udalak Osakidetzari

Urtarrilaren 12az geroztik, pediatra falta da Usurbilgo anbulatorioan: herritarren ezinegona eta haserrea helarazi dio udalak Donostialdeko ESI-ari, eta erabaki sendo eta eraginkorrak eskatu dizkio lanpostua berehala bete dezan.

2026·01·30


Udala Donostialdeko ESI-aren Lehen Arretako arduradunarekin harremanetan jarri da pediatra postua luze gabe bete eta herritarren ezinegona eta haserrea helarazteko, haiekin bat eginda. Urtarrilaren 12az geroztik, Usurbilgo anbulatorioan ez dago pediatrarik, baina lehenagotik dator postu horren ezegonkortasuna: iazko apiriletik irailera pediatrarik gabe egon ostean, pediatria kontsulta duina eskatzeko mozioa erregistratu zuen herritar talde batek iraileko osoko bilkuran eztabaidatzeko: Usurbilgo Udalak mozioa onartu zuen, eta konpromisoa hartu zuen, besteak beste, Donostiako ESI-ri galdegitea berehala berma dezala Usurbilgo Osasun Zentroan herriko haur eta familien beharrak %100ean beteko dituen pediatria zerbitzu duina. Horren ostean, postua bete zen, hasieran bi pediatraren jardunak uztartuz eta gero bakarrarekin, ohiko lanaldian, baina azken horrek plaza atera du beste eskualde batean, eta ordutik ez da pediatrarik Usurbilgo anbulatorioan.

Donostialdeko ESIko lehen arretarekin hitz egin ostean, “panorama zaila” dela ohartarazi du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak: “Pediatrarik gabe gaudela baieztatu dit. Behin-behinean ekarritako azken pediatra euskaldunak plaza lortu du beste eskualde batean, eta hara joan da: ordutik ordezkapenik gabe gaude”. Telefono dei baten bidez hitz egin dute, eta Solaberrietari azaldu diotenez, lan poltsan ez daukate inor, eta ez dago Usurbilerako baliabiderik Donostialdean, eta horregatik eman dio egoeraren berri Osakidetzako zuzendaritza orokorrari. “Izan ere, arduradunaren esanetan, organo horri dagokio Usurbilgo lanpostua betetzeko baliabideak bideratzea”, gehitu du Solaberrietak.

Horregatik, alkateak gutuna bidali dio Osakidetzako zuzendari orokor Lore Bilbaori, egoera azalduz, udalaren zein herritarren ezinegona eta haserrea adieraziz, Usurbilek pediatra lanpostu egonkor bat behar duela esanez, osasuna oinarrizko eskubide bat izanik, denbora gehiegi luzatzen ari baita. “Ez dituzte erabaki sendo eta eraginkorrak hartzen Usurbilerako: Osakidetzak egun bizi duen arazo estrukturalaren ondorio da hemen bizi duguna”. Egoeraren berri ematea Osakidetzarena dela gogorazi dio Lehen Arretako arduradunari, aurrez ere hori egiteko konpromisoa hartu arren ez baitute emandako hitza bete.

Lanpostua bete bitartean, herritarren aukera haurrak Lasarte-Oriako anbulatoriora eramatea da. Astean behin hango pediatra Usurbilera etortzen da, ume txikien osasun-azterketak egitera. “Horrek ere zenbat iraungo duen ez dakite, eta Lasarte-Oriatik kexu omen dira”. Usurbil 6.500 biztanle inguruko herria izanik, pediatra zerbitzua bertan, modu egonkorrean eta euskaraz jasotzeko aldarriarekin bat egiten du Usurbilgo Udalak.