Eduki publikatzailea
Atzealdea Pauso Berriak programan jarraitzeko hitzarmena sinatu du udalak Gureak eta Atzegirekin, lau urterako
2024·06·13
Pauso Berriak programan beste lau urtez jarraitzeko hitzarmena sinatu udalak programaren sustatzaile diren Gureak eta Atzegirekin. Desgaitasun intelektuala duten pertsonak ingurune arruntetan laneratzea da programa horren helburua. Ekimena ingurune arrunteko okupazio-zerbitzuaren barruan kokatzen da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartuta dago. Izatez, duela bi urte egin zuen bat udalak, lehenengo aldiz, horrekin: orain beste lau urtez jarraitzeko hitzarmena sinatu dute. Udalak 4.300 euroko ekarpena egingo dio programari hitzarmena indarrean den urte bakoitzean.
2022ko udaberrian programarekin bat eginda, Asier Berraondo Ayerra lasarte-oriarra kontratatu zuen udalak. Ordutik, hainbat sailetan ibili da lanean, eta halaxe jarraituko du: kale garbiketan, liburutegiko hainbat zereginetan, zein gizarte zerbitzuetako eta udaletxeko era askotako lanetan. Aldaketa bakarra da lehen praktikaldia egiten ari zela, eta, orain, zerbitzu okupazionalean hasi dela. Denborak aurrera egin ahala, Berraondo autonomia garatzen ari da, lanerako zein Usurbilera joan-etorriko bidaiak egiteko. Horrez gain, erreferentziazko bitartekari okupazional gisa jarduten duen langile bat izendatua dute: prozesuan zeregin aktiboa du, eta erabiltzailearen eta prozesuaren talde koordinatzailearen arteko zubi-lanak egiten ditu.
Hitzarmenaren berri emateko elkartu dira: Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatea, Pauso Berriak programaren arduradun Jon Fernandez, Asier Berraondo Ayerra erabiltzailea eta Maria Amolategi Asierren erreferentziazko bitartekaria.