Eduki publikatzailea
Atzealdea Parte-hartze fase betean da 36ko gerrak Usurbilen izandako ondorioak aztertzen ari den lantaldea
2021·06·02
Parte-hartze fase betean da 1936ko gerrak Usurbilen izandako ondorioak aztertzen ari den lantaldea. Parte-hartze faseak bi adar nagusi ditu: boluntarioen sarea eta informazio bilketa. Herritarren parte-hartzea “proiektua aberasteko behar-beharrezkoa” dela nabarmendu du taldeak: “Memoriaren puzzlea osatzera gatoz, eta norberak nahi duena esan ahal izango du, libreki eta inolako presiorik gabe”. Horretarako, telefono eta email bana zabaldu dituzte: 36kogerra@usurbil.eus eta 665 724 752. Sare sozial propioak ere zabaldu dituzte: Twitterren, Facebooken eta Instagramen.
Herritarrek parte hartzeko hainbat aukera jarri dituzte mahai gainean. Bi dira, batez ere, orain lantzen ari direnak. Batetik, boluntarioen sarea dago. Boluntarioek hainbat modutara egin ditzakete ekarpenak: herritarrei elkarrizketak egiten, gudalekuen berreskuratze lanetan, erakusketaren gauzapenean... Bi astean behin elkartzen dira Memoriaren Bulegoan, udalak Artzabalen duen lokalean: bilera irekiak dira, hau da, nahi duenak eta nahi duenean parte har dezake bertan. "Proiektu herritarra dela azpimarratu izan dugu beti: herritik sortua eta herriarentzat. Hori dela eta, guretzat ekimenaren bizkarrezurra da parte-hartzea", azaldu du Aitor Azurki kazetariak eta ekimeneko sustatzaileak.
Martxoan ekin zion boluntario sareak lanari, eta harrez geroztik hainbat elkarrizketa egin dituzte: "Grin handiko taldea dugu, oso gogotsu dagoena, eta herritarrei galdezka ari dena han-hemenka. Informazio ugari lortzen ari gara, oso interesgarria eta garrantzitsua izango diren datuak, ondorengo faseetarako. Eta noski, Usurbilen gertatu zena xehetasun gehiagoz jakiteko ere", azaldu du Aitzol Arroyo historialariak eta ekimenaren beste sustatzaileetakoa denak.
Ekainean, informazioa biltzen
Informazioa biltzen arituko dira ekainaren 25era bitartean, herritarren parte-hartzearen bidez. "Gerra garaiko testigantzak, objektuak, argazkiak edo egunkari zatiak dituzten herritarrei deia egiten diegu gurekin harremanetan jartzeko. Izan ere, askotan objektu batek istorio bat ezkuta dezake; argazki batek desagertutako pertsona baten pistaren bat, edo dokumentu batek gertatu zenaren xehetasun adierazgarririk eman ere", azpimarratu du Azurkik.
Halaber, objekturik ez baina testigantza eman daitekeela gaineratu du Arroyok: "Gerta daiteke pertsona batzuek gerraren inguruko gertakariak jakin eta testigantza ematea, baina ez izatea objekturik. Eta alderantzizkoa ere izan daiteke. Gu irekita gaude kasu guztietara, eta denak aztertuko ditugu, noski". Hala, aurreneko bilera bat egin ohi dute eurekin harremanetan jartzen diren herritarrekin, eta, ondoren, behar izanez gero, testigantza filmatu ohi dute herritarraren etxean edo Memoriaren Bulegoan.
Era berean, gogorarazi dute "memoriaren puzlea" osatzera datozela, "eta norberak nahi duena esan ahal izango duela, libreki eta inolako presiorik gabe. Herritarren parte-hartzea behar-beharrezkoa dugu proiektua aberasteko".
Proiekturako propio sortutako logoa
Parte hartze fase honekin batera proiektuaren logoaere aurkeztu nahi izan dute, hori izango baita hemendik aurrera leku guztietan erabiliko dutena: "Orain urte batzuk azken gudariei egindako omenaldian erabilitako logotipoan oinarritu gara, hor hasi baitziren lehen ikerketak egiten; Usurbilen gerraren inguruko lehen aztertze-hastapenak horiek izan baitziren. Hori dela eta, irudia gaurkotu eta berritu dugu", azaldu du Ion Martin usurbildarrak eta ekimenaren sustatzaileak.
Hala, emakume eta gizon banak osatzen dute irudia. "Emakumea eta gizona, biak azalarazi nahi izan ditugu, emakumeek ere zeresana izan zutelako herrian. Baita bereak eta bi bizi ere. Hori ere presente egotea nahi izan dugu", dio Martinek. Eneko Lizardi diseinatzaile eta marrazkilariak egin du logoa.