Eduki publikatzailea
Atzealdea Palestinako egoera salatzeko bi mozio onartu dituzte, osoko bilkuran
2024·06·28
Palestinako egoera salatzeko bi mozio onartu dituzte, ekaineko osoko bilkuran. Mozioetako bat Euskal Herriko hainbat eragile sozial eta sindikalek osatutako Palestinarekiko Erantzukizun Plataformak aurkeztu du; beste mozioa, berriz, Usurbilgo EAJ eta PSE-EE taldeek. Lehenengoa, antolaketa batzordean diktaminatuta iritsi da osoko bilkurara; bigarrena, diktaminatu gabe iritsi denez, kontramozioa ote den galdetu die EH Bilduk oposizioko alderdiei. PSE-EEren esanetan, ez da kontramozio bat, mozio alternatibo bat baizik.
Palestinarekiko Erantzukizun Plataformak aurkeztutako mozioak dio, besteak beste, “okupazio koloniala eta apartheid-a direla gatazkaren egiturazko arrazoiak, eta nazioarteko komunitateak Nazio Batuen ebazpenak eta giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea bete behar dituela, bake justu eta iraunkorra eraikitzeko berme gisa”. Israelgo Gobernuarekin harreman instituzional guztiak etetea ere eskatzen da, behin betiko su-etena izan arte, Palestinako herriaren gizarte eskubideak bermatu arte eta Israelek Nazioarteko Zuzenbidea eta Nazio Batuen ebazpenak bete arte. EAJk eta PSE-EEk mozio horren kontra bozkatu dute, edukiaren zati batekin ados egon arren, beste batzuek zalantzak sortzen dizkielako. Mozioa EH Bilduren botoekin onartu zen.
EAJ-k eta PSE-EEk aurkeztutako mozioan Israelen zein Hamasen indarkeria salatzen dira. “Israelgo estatua biztanleria zibilaren aurka egiten ari den eraso bereizi gabeak eta kolektiboak ez dituela inongo gertakarik justifikatzen, ezta Hamasek iragan urriaren 7an Palestinako biztanleria zibilaren aurka egindako eraso terrorista gordinak, ortezinak eta gaitzesgarriak direnak. Israelen erasoek milaka hildako, Gazako lurraldearen erabateko suntsipena eta biztanleria osoaren nahitaezko desplazamendua eragiten ari dira”. Bigarren mozioak EAJ-ren eta PSE-EEren aldeko lau boto jaso zituen, eta EH Bilduren abstentzioarekin, onartuta gelditu zen. “Uste dugu aurreko mozioak gatazkaren irakurketa sakonagoa egiten duela, baita konponbiderako neurriak proposatu ere”, argudiatu du EH Bilduk.
Palestinarekiko Erantzukizun Plataformak aurkeztutako mozioa: hemen.
Usurbilgo EAJ eta PSE-EE taldeek aurkeztutako mozioa: hemen.