Eduki publikatzailea

Atzealdea Padel pista eraikitzeko lizitazioa, martxan

Uztailaren 15era arte izango da proiektuak aurkezteko epea: esleipen prozedurari jarraituz, irailean ebaztea espero da. Esleipendunak hiru hilabete izango ditu lanak gauzatzeko: ia 185.000 euroko inbertsioa izango da.

2026·06·18


Usurbilgo Udalak padel pista eraikitzeko lizitazioa abiatu du, gaur. Interesdunek uztailaren 15era arteko epea izango dute proiektuak aurkezteko: esleipen prozedurari jarraituz, irailean ebatziko litzateke, eta, horren ostean, esleipendunak hiru hilabete izango ditu lanak gauzatzeko. Guztira, 184.826,5 euroko inbertsioa izango da.

Padel pista kiroldegiaren kanpoko aldean eraikiko da, futbol zelaiaren ondoan. Zelai homologatua izango da, neurri ofizialekin bat eginez: 10 metro zabal eta 20 metro luze izango da, eta estalpea izango du, egun eguzkitsuetan zein euria denean eroso erabili ahal izateko. Estalpea olanazkoa izango da, eta itxitura, batik bat, kristal panoramikoduna.

Udal-gobernuak 2023-2027 legealdirako prestatutako planaren barruan jaso zuen padel pista eraikitzea. Maiatzeko osoko bilkuran egindako kreditu aldaketaren bidez jaso da kirol ekipamendu berria eraikitzeko partida. Kirol sailak azaldu duenez, zati bat Gipuzkoako Aldundiaren hurrengo Kirol Ekipamenduen Planaren bidez finantzatzen ahaleginduko dira, deialdia argitaratzen dutenean.