Eduki publikatzailea
Atzealdea Osoko Bilkurak 'Kataluniarekin bat, Demokraziarekin bat' mozioa onartu du
2016·02·05
Urte luzeetako prozesu baten testuinguruan eta herritarren gehiengoaren eskariari ateak irekiz, etorkizuna libreki erabakitzeko bitarteko demokratikoz hornitu du Kataluniako herriak bere bidea. Kataluniako instituzio nagusiek herritarren nahiei bide emateko erabaki irmoa hartu dute.
Katalunian herritarren borondatearen eskutik eman diren urratsei, indarraren, mespretxuaren eta zaharkitutako legeen ustezko arrazoiarekin erantzun zaie Madrildik.
Bide demokratikoen aurkako eraso larri honen aurrean, Usurbilgo Udalak honako mozio hau eztabaidatu eta onartzen du:
1.- Udal honek babesa, errespetua eta zilegitasun osoa aitortzen dio Kataluniako Parlamentuak burutu nahi duen erreferendumari. Izan ere, libreki adierazitako herritarron borondatea da tresna politikorik eraginkorrena edozein herri edo kolektiboren etorkizuna eraikitzeko.
2.- Udal honek, Kataluniar herriaren eta Parlament-aren erabaki burujabeen aurka Espainiar Estatutik buruturiko erasoa salatu eta arbuiatzen ditu, Madrilgo Gobernua, epaitegiak eta Auzitegi Konstituzionala ezin direlako Kataluniako herritarren gehiengo zabalak adierazitako borondate demokratikoaren gainetik jarri.
3.- Modu demokratikoan aukeratuak izan diren Kataluniako alkateak eta Gobernuko kideak deklaratzera deitzea eta atxilotzea irmoki salatzen dugu. Demokrazia praktikan jartzea ahalbidetu nahi duten herri-ordezkariak inputatzea deitoratzen dugu.
4.- Udal honek, Euskal Herria, Katalunia edo munduko gainerako herrietan, herritarren borondate askean oinarrituta garatzen dituzten prozesu politikoen alde egiteko konpromisoa hartzen du.
5.- Udal honek urriaren 1eko emaitza errespetatzen du eta Instituzio zein eragileei ere hala egitea eskatzen die. Horretarako erabaki honen berri Kataluniako Parlament-eko lehendakariari, Madrilgo Gobernuko presidenteari eta Auzitegi Konstituzionaleko presidenteari ematea erabakitzen du, bai eta gure udalerriko herritarrei ere.
6.- Urriaren 1eko galdeketa bitarte Udaleko balkoian estelada jartzea onartzen du Udalbatzak, Kataluniako instituzio eta herritarrei gure babesa adierazi asmoz.