Eduki publikatzailea
Atzealdea Osasun Sailburuari gutuna
2022·01·17

Covid19aren goradaka, hartutako neurriak eta lehen arretaren egoera dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari gutuna bidali diogu. Hona, laburtuta:
"Sail honi zuzentzen natzaio, Abenduak 14ko 47/2021 Dekretu bidez, EAEko Lehendakariak hainbat establezimendu, leku eta ekintzetan Covid ziurtagiria beharrezkoa izango dela ezartzen duelako, udal eraikin eta ekintzak barne hartuta. Neurri horrek, besteak beste, berriz ere udalen gain jartzen du Jaurlaritzak erabakitakoa betetzearen ardura, inolako baliabide edota laguntzarik eskaini gabe. Kezkatuta gaude osasun egoerarekin eta hartutako neurriekin, izan ere, ezin zaio pandemiari soilik neurri murriztaileekin aurre egin.
Osakidetzako lehen arreta gainezka dago eta gure herritarrek inbertsio falta horren ondorioak egunero pairatzen dituzte. Izurritearen bilakaerak okerrera egin du nabarmen, baita gure herrian ere. Abenduaren 27ko txosten epidemiologikoaren arabera, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia ia 3.000koa da, eta ez dirudi goia jo duenik. Covid positiboak erruz ugaritu dira egun gutxitan: lau eguneko tartean 74 kasu detektatu dituzte Usurbilen, inoizko kopururik altuena. Abendu osoan, hilaren 26ra arte, 272.
Datuok egoeraren larritasuna erakutsi eta agerian jartzen dute kasuen jarraipen eza. Ezinbestekoa da covid kasuak berehala detektatzea; alabaina, horretarako ezinbestekoa da aztarnari gehiago izatea eta test gehiago egitea. Osakidetzaren erantzun faltaren aurrean, herritarrak eurak ari dira farmazietara jotzen antigeno frogen bila, arduratsu jokatuz; baina, gaur-gaurkoz, eskaria hainbeste handitu denez, ez dago ziurtatuta erosteko aukera izatea. Gainera, ezin gara ahaztu test horiek ez direla doakoak, eta herritar batzuek zailtasun ekonomikoak dituztela eskuratzeko.
Ezin aipatu gabe utzi areagotzen ari den arrakala digitala. Orain, positiboen jarraipenerako protokolo berrien eraginez, positibo baten kontaktu zuzena izan den herritarrak web orriaren bidez adierazi behar du, eta sms-a jasoko du hitzorduarekin. Herritar guztiek, ordea, ez dute horretarako aukerarik edo gaitasunik. Eta okerrena da ez dutela Osakidetzarekin beste modu batean harremantzeko modurik, ez aurrez aurre ez telefonoz.
Covid ziurtagiriaren kasuan, gainera, zientzialariek eurek jarri dute neurriaren eraginkortasuna zalantzan, izan ere, txertatuta ere kutsa zaitezke edota ondokoak kutsatu. Ez da osasun neurri bat, hortaz, eta, gainera, eskubideak urra ditzake, pertsona batzuekiko baztertzailea den neurrian, eta, beraz, oso kezkatuta gaude neurri horrek sor dezakeen estigma sozialarekin.
Egoera honi irtenbidea eman behar zaio urgentziaz eta, horregatik, Osasun Sailari hurrengoa eskatzen diogu:
1. Lehen arreta indartzeko eta kontsulta presentzialak berreskuratzeko. Ezinbestekoa da pertsonal gehiago kontratatzea, testak egin eta gaixoen jarraipena egiteko.
2. Kutsadura kontrolatu ahal izateko, herritarrek astean behin test azkarrak dohainik egiteko aukera izatea, eta laborategiko zerbitzuak indartzea, emaitzak ahalik eta azkarren eskura izateko.
3. Aztarnari gehiago kontratatzeko, kutsaduren trazabilitatea ahal bezain arinen egin ahal izateko eta eteteko.
Egoera larri honen aurrean Osasun Sailari neurriak indartu eta egindako murrizketak berehala desegiteko eskatzen diogu".
