Eduki publikatzailea

Atzealdea Orbeldiko presa eta indarretxea deskatalogatzea onartu dute, hasieraz eta aho batez

Arau Subsidiarioetan ondare etnografikoko elementu gisa jaso izan dira, orain arte, Orbeldiko presa eta indarretxea. Udalbatzak deskatalogatzeko hartutako erabakia GAOn argitaratu eta jendaurrean jarriko da, 30 egunez, nahi duenak erreklamazioak aurkez ditzan.

2024·03·01


Usurbilgo Arau Subsidiarioen ondare katalogoak “Orbeldiko presa eta indarretxea (ruina)” ondare etnografiko bezala sailkatzen du eta otsaileko osoko bilkuran elementu hori deskatalogatzea hasieraz eta aho batez onartu dute; hau da, ondare etnografikoko babes hori kentzea. Erabakia GAOn argitaratu eta jendaurrean jarriko da, 30 egunez, nahi duenak erreklamazioak aurkez ditzan.

Azken urteetan joan-etorri ugari izan dituen gaia da Orbeldikoa. Gipuzkoako Piraguismo Federazioak 2019ko abenduan erregistratu zuen Usurbilgo Udalean Orbeldin ur bizientzako kanala ezartzeko Lurzoru urbanizaezineko Plan Berezia, planaren Ingurumen Txosten Estrategikoarekin batera. Plan berezi horren helburua Orbeldi inguruan, urbanizaezin gisa sailkatutako lurzoruan, ur bizien kanal bat ezartzea zen, kirol ekipamendu bat ezartzeko hirigintza parametroak zehaztearekin batera.

2020ko abenduan, Usurbilgo Udalak Orbeldin ur bizientzako kanala ezartzeko Plan Berezia hasieraz onartu zuen, Ingurumen Administrazioaren Zuzendariak 2020ko uztailean emandako Ingurumen-txosten estrategikoko zehaztapenarekin. 2021eko otsailaren 4an, jendaurrean jarri zen, eta jendaurreko epean ez zen alegaziorik jaso.

Plan Bereziak kanalaren gainean kokatzen den zentralaren edo indarretxearen aurriak kentzea eta kanala zena kirol erabilerarako egokitzea proposatzen du, bertan ur-biziko kanal bat sortuz. Zentralaren aurriak kanalaren gainean kokatzen direnez, ez dira bateragarriak aurrien mantentzea eta kanala kirol erabilerarako birmoldatzea. Horregatik, kirol ekipamenduak behar dituen zerbitzuak (ontzien biltegia, aldagelak, komunak, harrera etab) kanaletik kanpo kokatuko den zerbitzu-eraikin berri batean egitea proposatzen da.

2021ko maiatzean, Eusko Jaurlaritzako EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeak Orbeldin ur bizientzako kanala ezartzeko Plan Bereziari aldeko txostena eman zion, eta aldeko erabakiarekin jakinarazpenarekin batera, URA-Uraren Euskal Agentziak, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak emandako txostenak igorri zituen udalera. Azken honek, gomendio izaerarekin zioen, Orbeldiko zentralaren aurriak eraistea ez zela onargarria Udalaren katalogotik kanpo geratzen ez zen bitartean.

2023ko abuztuan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketako zuzendari nagusiak interes publikokotzat jo zuen Orbeldin ur bizietako kanala ezartzeko jarduera; 2023ko irailaren 1eko GAOn argitaratu zen.

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenean egindako ohartarazpena kontutan hartuta, Usurbilgo Udalak Orbeldiko presa eta indarretxearen balio kultural eta etnografikoa identifikatzeko txostena eskatu zion Aranzadi Zientzia Elkarteari. Aranzadik egindako Kultur Ondarearen azterketak dio, gaur egun indarretxearen eraikina oso egoera hondatuan aurkitzen dela eta ez duela elementu arkitektoniko garrantzitsurik. Halaber, bertan zeuden makinak desagertuta eta/edo hondatutako hondakinak direla. Aldiz, zentralari lotutako presa eta deribazio-kanala kontserbazio-egoera onean daudela dio eta ingeniaritza hidrauliko industrialari lotutako elementu arkitektoniko garrantzitsuak direla.

Hala, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenean egindako ohartarazpena eta Aranzadi Zientzia Elkarteak emandako txostena kontutan hartuta, Usurbilgo Udalak Arau Subsidiarioen ondare katalogo aldatzeko izapidetzea abiatu du Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 60 eta 100.1 artikuluak aplikatuz.