Eduki publikatzailea
Atzealdea Ontzi arinak eta papera eta kartoia biltzeko poltsak banatuko ditu udalak
2021·02·15
Ontzi arinak eta papera eta kartoia biltzeko poltsak banatuko ditu Usurbilgo Udalak martxoaren 1etik aurrera. Hain zuzen ere, bi horiek dira zintzilikailuetan uzteko edukiontzi propioa falta zutenak, eta, beraz, poltsa horiekin, atez ateko bilketa hobetzea lortu nahi dute, herritarrentzako erosoago bihurtuz eta bilketa txukunago egitea erraztuz. Covid19-a dela eta, banaketa berezia egingo da: herritarrek eskatu egin beharko dituzte (otsailaren 22tik aurrera), eta martxoaren 1etik aurrera hasiko dira banatzen.
Atez ateko bilketa hobetzearekin batera, herritar guztiek hondakinak uzteko Usurbilgo zintzilikailura egokitutako poltsa berrerabilgarriak izatea da beste helburuetako bat, kasu honetan, horia ontzi arinentzat eta urdina papera eta kartoiarentzat. Horrez gain, hondakinak zabor poltsarik gabe atera ahal izatea ere posible izango da aurrerantzean, hondakinak murriztea ahalbidetuz. Helburu horiek guztiek, hain zuzen ere, bat egiten dute Usurbilgo Udalak urteetan landu duen Usurbil 0.0. hondakinen prebentziorako eta kudeaketarako programarekin, Joxe Mari Iribar ingurumen zinegotziak azaldu duenez. “Uste dugu denbora luzean hainbat buruhauste eman dizkigun kontu bat gainditzeko balio ahal izango dutela poltsek: hondakin guztiak zintzilik jartzea nork bere zintzilikailuan, eta ez lurrean. Lurrean utzita, euria edo haizea egiten duen egunetan hondakinak sakabanatu egiten dira, eta bilketa eraginkorra izatea zailtzen du”.
Poltsen ezaugarriak azaldu ditu Ibon Goikoetxea ingurumen teknikariak. Batetik, poltsen kirtenak desberdinak dira: bata luzea, eta bestea motza. Lehenengo, kirten motza sartu behar da zintzilikailuan, eta, ondoren, luzea: hala, poltsa zuzen eta ondo lotuta gelditzen da, bilketarako egoki eta bizilagunen espazioa errespetatuz. Izan ere, ohikoa izaten da aldameneko edo inguruko zintzilikailuetako bizilagunei traba egitea, eta poltsa hauek propio diseinatu dituzte trabarik gabe jartzeko zein lurrean ez utzi behar izateko. Usurbil 0.0.ren irudia eta identifikazio txartelak kanpoko aldean gelditu behar dute. Bestetik, poltsek 34 litroko edukiera dute (ohiko zabor poltsak 30 litrokoak izaten dira). Eta, azkenik, berrerabilgarriak dira: etxean garbi daitezke eskuz zein garbigailuan.
Etxebizitza bakoitzari ontzi arinak eta papera zein kartoia biltzeko poltsa bana banatuko zaio. Horretarako, lehenengo, eskatu egin behar dira, datorren astelehenetik aurrera (otsailak 22) 900 776 776 telefonora deituta, Whatsapp mezu bat bidaliz 606 501 024 zenbakira, edo atezate@usurbil.eus helbidera idatzita. Martxoaren 1ean hasiko dira banaketa egiten. “Nork bere zintzilikailuan aurkituko ditu poltsak, bere identifikazio txartel eta guzti”. Astean behin egingo dute banaketa, astelehenetan, aurreko aste osoan jasotako eskaerei erantzunez. Azalpen guztiak bideo batean eman ditu Amaia Martiarena Lamuedra Atez Ateko hezitzaileak, sarean zabalduko direnak, euskaraz zein gaztelaniaz.