Eduki publikatzailea
Atzealdea Ongi etorri, Txirikorda!
2024·04·25
Azken asteotan Usurbilentzat estrategikoak diren bi herri-proiekturen ateak zabaldu ditugu: Pelaioenearenak, Usurbilgo Emakumeon Etxea eta Kalezarko auzo elkartearen aterpe izango den eraikinarenak, eta Txirikordarenak, belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioarenak. Aspaldi abiatutako proiektuak dira, eta batean zein bestean obra amaierak aldrebestu egin zaizkigu, enpresa eraikitzaileek egindako kudeaketa tamalgarriengatik. Horren ondorioz, bai Pelaioenea bai Txirikorda nahi eta aurreikusi baino beranduago jarri ditugu martxan. Edonola ere, eragindako atzerapenengatik kalte-ordainak exijitu dizkiegu: 90.000€-ko isuna jarri diogu Indenort enpresari, Pelaioeneagatik, eta 211.000€-ko kalte-ordainak exijitu dizkiogu Muriasi, Txirikordagatik.
Atzerapenak atzerapen, bi proiektuak bizi-bizirik daude. Halaxe ikusi genuen Pelaioenean, martxoaren 23an egindako irekiera ekitaldian: jende andana hurbildu ginen Kalezarrera Pelaioeneari ongi-etorria ematera, eta bi proiektuetako talde sustatzaileak gogotsu daude proiektuekin jarraitzeko. Antzera gertatzen da Txirikordan: bertan biziko diren gazte eta helduak gogotsu eta ilusioz daude. Azken asteotan sinatu ditugu etxebizitza kontratuak, eta jada ba-tzuk bertan daude bizitzen.
Belaunaldi arteko etxebizitza komunitario Txirikordaren gisako proiekturik ez dago Euskal Herrian: oso berritzailea eta eraldatzailea da gurean eta gure herritik kanpo. Emantzipatu nahi duten 18 eta 30 urte arteko gazteentzat eta bakarrik bizi eta konpainian bizi nahiko luketen 65 urtetik gorako pertsonentzat dira etxebizi-
tzok. Orotara, 16 etxe daude, eta bi espazio mota ditu: pribatuak eta elkarbizitza komunitarioa egiteko espazioak. Espazio pribatuan nork bere espazioa du; apartamentu txikiak dira: sukaldea, bainugela, egongela eta logela dituzte. Etxebizitza batzuk bi logelakoak dira eta beste batzuk logela bakarrekoak. Espazio komunitarioetan, behar kolektiboak ase eta belaunaldiarteko elkarbizitza sustatzeko helburuz diseinatu dira: egongela, sukaldea, jangela, garbiketa gela eta erabilera anitzeko gela ditu Txirikordak.
Udaran esleitu genituen etxebizitzok: gazteei zuzendutako etxeak zozketa bidez eta helduen etxeak gizarte langileak osatutako baremazio sistema baten bidez. Une honetan, 13 etxebizitza beteta daude: 10 etxe gazteekin, eta 3, helduekin. Pertsona helduen-
tzat aurreikusiak zeuden beste hiru etxeak hutsik utzi genituen, etorkizuneko beharrei erantzuteko, eta, hain justu, laster emango dugu aukera izena emateko: izan ere, geroz eta gehiago dira udaletxera hurbiltzen direnak informazio eske.
Hemen aipatutakoa eta beste hainbat informazio maiatzaren 10erako antolatu dugun irekiera ekitaldian emango dugu. Beraz, Txirikorda bertatik bertara ezagutzeko gogoz bazabiltza, ez galdu aukera eta hortxe gonbidapena: maiatzaren 10ean, arratsaldez, Txirikordako eraikinean.