Eduki publikatzailea
Atzealdea Ongi etorri, Kulturgunea!
2022·06·10
Kulturak pisu esanguratsua du Usurbilgo herrian, eta, ondorioz, baita udal politikan ere. Ez Dok Amairu euskal kulturaren berpizkundea bideratu zuen mugimenduarekin gure herriak izan zuen loturak izango du horretan eraginik, eta gaur egun Usurbilek badu leku propioa euskal kulturaren plazan. Izan zirelako, gara. Garelako izango dira.
Kultura erdigunean jartzearen aldeko apustu garbia egiten dugu. Izan ere, gure irudiko, kulturak badu gaitasun eraldatzaile ukaezin bat. Gizarte kohesioa erdiesteko ezinbesteko tresna gisa ulertzen dugu guk, eta sormena, pertsonen garapenerako balioa izateaz gain, pentsamendu kolektiborako, munduari begiratzeko eta herri eraikuntzarako elementu garrantzitsua dela argi dugu. Pako Sudupe idazleak Berria egunkarian argitaratu berri duen iritzi artikulutik lapurtutako pasartea da honako hau: “Sortzaileak balio dezake begirada beste leku batetik zuzentzeko, menderakuntza egoeran ezkutatzen den historia krudela bistarazteko, geure burua errespetutik maitatzeko, munduko beste nazioetan konplexurik gabe bizi duten auto-estimu nazionala natural agertzeko. Sortzaileen munduari, bere kezka eta larritasunei bizkarra ematen dion herriak suizidio kulturala burutzen du, eta, ondorioz, suizidio identitarioa”.
Bat nator ideia horrekin. Sormena gure herri identitatearen parte da: identitateari edukia eta mamia eskaintzen dizkio. Hain justu, mami hori ezagutzeko parada ezin hobea izan genuen kultur azokan, herriko kultura komunitateak sortu berri duen Kulturgunearen eskutik. Adierazi zutenez, Kulturgunean lau lan-ildo jorratu nahi dituzte: bat, sormena, pertsonaren garapen integralerako ezinbesteko bitarteetako bat dela iritzita; bi, sormenari plaza fisikoa eta birtuala eskaintzeko moduak; hiru, komunikazioa, euskaraz sortzen dena herritar guztiengana iristeko bideak; eta, lau, kulturaren transmisioa, izan etxean, kalean edota hezkuntzan. Eta hori guztia, nor beretik baino, herriko kulturgintza ekosistema baten baitan artikulatzeko proposamena luzatu ziguten. Nortzuk osatzen dugun ekosistema hori? Bada, sortzaileek, antolatzaileek (herri-mugimenduak, erakunde publikoak, pribatuak/profesionalak), hezitzaileek (hezkuntza arautukoek zein ez arautukoek, gurasoek), komunikabideek eta kultura zaleek. Gometxen ariketarekin erraz bisualizatu genuen gutako bakoitza non gauden eta ze funtzio izan dezakegun ekosistema horren barruan.
Zaintzaren eremuan ere ikuspegi berarekin ari gara lanean: zaintza behar duen pertsonaren nahiak erdigunean jarri eta desio horiei bide ematen ahaleginduko den zaintza sare edo ekosistema publiko-komunitarioa eratu nahi dugu. Gauza bera trantsizio ekologikoaren alorrean edota Usurbilek izan beharreko turismo eredu eta eskaintzaren alorrean.
Askotan adierazi izan dut, garai zail eta ezegonkor hauetan, tokiko erantzunak, estrategiak, indartze komunitarioa, ahaldundutako komunitatea eta elkarlan publiko-komunitarioa ezinbestekoak ditugula. Ez dut dudarik, bide horretan, Usurbilgo Kulturguneak ekarpen interesgarria egingo duela. Horregatik, ongi etorri Usurbilgo Kulturgunea, eta bide oparo on!