Eduki publikatzailea
Atzealdea Ongi-etorri bilkura, hilaren 28an
2026·02·23

Badira urte batzuk ongi-etorri bilerak egiten ditugula. Usurbilen erroldatzea erabakitzen duten guztiei ongi-etorria egin eta eskerrak emateko bilkura berezia izaten da. Iaz 250 lagun erroldatu ziren herrian, eta, ondorioz, 250 gutun igorri ditugu ongi-etorri bilerara gonbidatuz. Aurten otsailaren 28an egingo dugu, osoko bilkuren aretoan.
Guztiak gonbidatzen ditugu, edozein dela ere bakoitzaren jatorria: berdin da Usurbilera ekarri duen ibilbidea laburra izan bada, inguru hurbiletik datorrelako, edo, are eta arrazoi gehiagorekin, bide gogorra eta mugarri ilunak gaindituz iritsi bada urrunetik. Jatorria jatorri, guk argi daukagu elkarren ezagutzak eta aniztasunak dakarren aberastasuna balio erantsia dela gure herrirako.
Usurbilgo Udaleko azken urteetako errolda datuak kontuan izanda, jatorri desberdinetik etorritako herritar berrien kopuruak gora egin du nabarmen, eta, ondorioz, jatorri, kultura, hizkuntza, erlijio eta, oro har, identitate aniztasunaren kudeaketa erronka handia da gure herriarentzat. Gure premisa edota abiapuntua argia da: aniztasuna ez da mehatxu bat; aberastasuna da. Hortaz, gure herri eta auzoetako aniztasuna kohesio sozialerako elementu bilaka dadin, aniztasuna modu egokian kudeatu behar da. Asmo horrekin ari gara garatzen Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen lan-ildoa, aniztasuna balio positibo moduan sustatzen duen herri-ikuskera, jatorria edozein dela ere, pertsona guztien aukera berdintasuna bermatu asmo duen udal-jarduna, eta elkar ezagutzan eta aitortzan oinarritutako ekimenak barnebiltzen dituen ildoa, hain justu.
Lanketa horrek proiektu ezberdinak utzi dizkigu azken urteotan, guztiak ere modu parte hartzailean landu direnak: plan estrategikoaren osaketa, Migrazioari maskarak erauzten dokumentala, Mundualdia jaialdiak, Aniztasun Kontseiluaren sorrera, Usurbil harrera herri bilakatzeko martxan dugun etorri berrientzako harrera zerbitzua, Ongi Etorri Gida, HarEman programa, etorri berriek euskara ikasteko saioak, eta abar.
Hain justu, ildo horren barruan kokatzen da ongi-etorri bilkura. Harrera bilera honen helburua elkar ezagutzea, harreman berriak sortzeko aukerak zabaltzea eta herrian elkarbizitza erraztea dira. Alkatearen agurra jaso ondoren, herriko baliabideen berri emango da eta 650 Usurbil Bizi egitasmotik gure herriko ondarea eta euskal kultura ezagutzera emateko eskaini ohi ditugun bisita gidatu berezi bat prestatu dugu haientzat, gure herria hobeto ezagutzeko parada emango dielakoan.
Horra, beraz, hitzordua: otsailaren 28an, 11:30ean, udaleko pleno aretoan.
