Eduki publikatzailea

Olentzerori gutunak helarazteko postontziak, herrian zehar

Ostiral goizera arte egongo dira postontziak herriko hainbat lekutan. Ostiral arratsaldean iritsiko da Olentzero, hainbat lagunek inguratuta, dema plazara, Kalezartik barna, 19:00 aldean.

2021·12·20


Olentzerori gutunak helarazteko hainbat postontzi jarri dituzte herrian zehar: ostiral goizera arte (abenduak 24) egongo dira, harik eta galtzagorriek eraman arte. Olentzerori herrira jaisten laguntzeko boluntarioak behar dituztela jakinarazi dute: inor animatuko balitz, asteazken honetan Potxoenean egingo duten bilerara ager daiteke, 19:00etan.

Honako lekuetan jarri dituzte:

Kaxkoan.

Lizardi liburu dendan, Arruti harategian, Otar Goxon, N.I. ile-apaindegian, Artzabal baserrian eta Laurok liburu dendan. Sutegi liburutegian ere jarriko dute, bihar.

Aginagan.

Zahar egoitzako tabernaren beheko sarreran.

Santuenean.

Zahar egoitzako tabernan.

Ostiral arratsaldean, berriz, Kalezartik abiatuko da Olentzero, hainbat lagunek inguratuta, kaxko aldera. Kalezartik herri sarrerako biribilgunera jaitsi, Errekatxiki gurutzatu, eta Puntapax kaletik iritsiko da herriguneko biribilgunera. Herriko frontoian amaituko du ibilbidea Olentzerok, dema plazan. Ordutegiari dagokionez, 17:30ean abiatuko da Kalezartik, eta 19:00 aldean iritsiko da dema plazara.

Bil daitekeen jende kopurua tarteko, kalean izan arren, segurtasun neurriak betetzera deitu ditu herritarrak: distantzia mantendu, eta ezin denean, maskara janztera.