Eduki publikatzailea
2020·02·07
Eguraldi ona lagun, igandean Deba eta Ondarroa arteko mendi buelta ederra egin genuen. Saturraranera iritsita, hantxe topatu genuen 1938tik 1944ra bitartean Saturraranen preso izan zituzten emakumeen eta II. Errepublika, askatasuna eta demokrazia defendatzeagatik errepresio faxistaren biktimen omenez 2007ko urtarrilean paratutako oroigarria. Izan ere, garai hartan, milaka emakume eta haur kartzelaratu zituzten Saturrarango espetxean. Frankisten zigor politikaren eta kate errepresiboaren ardatz nagusietakoa izan zen. 1939an, 500 presorendako prestaturik zegoen leku txikian, 11.000 emakume zituzten gatibu, ziega eta aretoetan pilatuta. Bizi-baldintza tamalgarrietan iraun zuten, gaixorik eta gosez. 116 emakume eta 56 haur gaixoturik hil ziren, murruen artean. Gerraosteko kapitulu beltza da hau, nahi baino gehiagotan historiak ezkutatu duena. Izarren argia filmak erakutsi zigun hango bizimodu latza; orduko emakumeen adorea. Ez dut hitzik nire miresmena adierazteko.
Handiegiak dira presondegietako hormatzarrak, barruan gertatzen dena ikusteko. Gertatzen denaz jabetzeko. Historiak ez ezik, sistemak berak egiten du ikusezin espetxe barruko egunerokoa. Bizitza. Eta gizarteak apenas begiratzen dio. Ez dira asko emakumeez eta espetxeaz jarduten duten argitalpen eta ikus-entzunezko lanak. Duela hilabete inguru, ETB1eko Ur handitan saioak espetxean dauden edota espetxean ama izan diren emakumeen lekukotza eskaini zigun. Ezkutuan gelditzen den errealitate ikusezin hori azalerazi zigun: emakumea bere bakardadean. Izan ere, nola bizi dira emakumeak gizonek gizonentzat eraikitako espazioetan? Nola izan ama baldintza gogor horietan?
Espetxean ama izateko erabakia hartu duten emakume presoak miresten ditut. Miresten dut euren ausardia, adorea, indarra eta kemena. Espetxeak askatasuna lapurtu die, baina ez ama izateko eskubidea. Eskubide hori egikaritzeko hautua txalotzen dut.
Miresten ditut, pertsonak suntsitzeko tokian bizi berri bat ernaltzeko ilusioa, erabakia eta gaitasuna izateagatik.
Miresten ditut, etxetik urrun, bikotekidearen konplizitaterik gabe, ziegaren bakardadean eta konfiantzako ginekologorik gabe haurdunaldiaren gorabeherei, minei, beldurrei, pozei aurrea hartzeko gai izateagatik.
Miresten ditut, ziegan urak bota, txirrina jo eta jo eta inork kasurik egin ez, eta egoera larri horietan euren gorputza eta aldartea kontrolatzeko gai izan diren emakumeak.
Miresten ditut, eskuburdinekin edota poliziaz inguratuta eta askatasun-gabetze izugarri baten erdigunean erditu duten emakumeak.
Miresten ditut erditu eta gero, ahul eta ume jaioberriarekin 12 metro koadroko ziegara itzuli eta bizi berri bati ekin dioten emakumeak eta haurrak. Amaren maitasuna, altzoa, abaroa baino ezagutu ez duten haurrak.
Miresten ditut egoera zaurgarri horretan ahizpatasuna erakusten duten emakume presoak.
Miresten ditut amaren erabakiarekin bat egin eta sostengu osoa eman dieten senideak eta lagunak.
Miresten ditut Olatz eta beste guztiak. Ez historiak ez gizarteak ahanzturara zigortu ez ditzan.