Eduki publikatzailea
Olarriondo antolatzeko lur jabeekin adostutako hitzarmen berria hasieraz onartu dute, martxoko osoko bilkuran
2022·04·01
Olarriondo antolatu eta kudeatzeko lurjabeen eta udalaren artean adostutako hirigintza hitzarmen berria hasieraz onartu dute, martxoko osoko bilkuran, EH Bilduren eta PSE-EEren botoekin; EAJ abstenitu egin da. Hitzarmena sinatu aurretik, ohiko prozedura administratiboa egingo du espedienteak: GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, 20 egunez jarriko dute jendaurrean, nahi duenak alegazioak aurkez ditzan; halakorik ez bada, behin betiko onartuko du osoko bilkurak, eta orduan hitzarmena sinatu ahal izango dute.
Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu duenez, “hizketaldi luzeek eta lan harreman iraunkor etengabeak” ahalbidetu dute Olarriondoko lur jabeen eta udalaren arteko adostasuna lortu ahal izatea. Olarriondoko sektorea “oso garrantzitsua” da Usurbilgo garapenarentzat, eta, horregatik, lur jabe guztiekin egindako akordioaren garrantzia nabarmendu du alkateak: “Sektore honetako aurrekari, egoera, ibilbide historikoa, konplexutasuna eta baldintzatzaile guztiak aintzat hartuz, azpimarratu nahi dut Usurbilentzat lor genezakeen akordiorik onena lortu dugula. Ez ginen orri zuri batekin hasten: orain arte eginda zegoena ezin genuen desegin, bai, ordea, egungo testuingurura eta gure hirigintza eredura egokitu, eta lortu dugulakoan nago”.
Izan ere, 2003an sinatu zuten Olarriondorako lehenengo hirigintza hitzarmena udalak eta lur jabe guztiek. Hitzarmen horretan jaso zuten Olarriondon 409 etxebizitza egiteko aukera: 146 etxebizitza libre, babes ofizialeko 120, beste 120 etxebizitza tasatu eta 23 etxebizitza sozial. Horietatik lau etxebizitza antolamenduz kanpoko deklaratzen den Gure Etxea eraikinaren jabeei ordezko etxea emateko izango ziren. Sektorea garatzeko beharrezkoak ziren urrats urbanistiko guztiak onartu ziren 2006 eta 2009 artean, Solaberrietak azaldu duenez: “Makinak sartzea baino ez zen falta”.
2009tik aurrera, ordea, jabeek hainbat idatzi sartu zituzten udalean gastuak ordaintzeko zailtasunak adieraziz. Udalak, hala ere, sektorea bultzatzen jarraitu zuen, sektorea garatzeko zailtasun ekonomikoak sortu ziren arte. 2008Ko krisiak ondorio zuzena izan zuen, beraz. Horren aurrean, 2015ean, erabaki garrantzitsu bat hartu zuen udalak: kudeaketa sistema aldatzea, lankidetza sistematik konpentsatzio sistemara pasatuta. Lanekin hasteko 36 hilabeteko epea zehaztu zuten orduan, baina 2018ko uztailean amaitu zen epe hori, eta lanak ez ziren inoiz hasi. “Krisiek bideraezin bihurtu zuten 2003an sinatutako hitzarmen hura gauzatzea”, Solaberrietaren esanetan.
2003koa, neurriz kanpokoa
2014an hasi zen udala HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorra idazten. Berrikuspen horretan, neurriz kanpokotzat jo zen Olarriondo, udalerriaren hazkunde erritmoa kontuan hartuta. Horren erakusle dira Usurbilen azken bi hamarkadetan eraikitako etxebizitzak eta Olarriondon aurreikusitako etxebizitzak: 20 urtean, 500 etxebizitza inguru eraiki dira Usurbilen (Ugartondokoak barne); Olarriondon, aldi berean, 409 etxebizitza batera eraikitzea zen asmoa. Hori ikusita, hiru aukera jaso zituen HAPO idazteko prozesuan onartutako aurrerakinak: A aukera (250 etxe), B aukera (300 etxe) eta C aukera (350 etxe).
Olarriondo garatzeko tramite guztiak eginda zeudenez, garapena bertan behera uzteak udala kalte-ordainak ordaintzera behartuko luke, eta, horren aurrean, HAPOaren helburu eta irizpideekin bat egiten duen antolamendu berri bat adostea izan dute helburu legealdi hasieratik abiatutako hizketaldietan, Solaberrietak azaldu duenez. Lortu ere lortu dute: antolamendu berria adostu, eta martxoko osoko bilkurara eraman dute hitzarmena, hasieraz onartzeko.
Hitzarmen berriaren gakoak
Lur jabeek eta udalak adostutako hitzarmen berrian aurrerakinean planteatutako B aukerara hurbildu dira: Olarriondo osoan 316 etxe egiteko aukera emango dute (2003an adostutakoak baino %23 gutxiago), etxebizitza eraikigarritasuna %35 txikituz. Etxebizitza horien kopuru altu bat, gainera, babestutakoa izango da: 316 etxeetatik babes ofizialekoak 180 izango dira (%57), tasatuak 62 (%20) eta merkatu librekoak 74 (%23). Etxebizitza horiek guztiak ezin izango dituzte aldi berean egin: epe luzera programatutako antolamendua izango da.
Era berean, erabilera nahasketa bultzatuko dute. Hau da, kale mailan ekipamendu komunitarioetarako eta hirugarren sektoreko hainbat espazio antolatuko dira eta lur azpian aparkaleku publiko bat planteatu da. Hortaz gain ekipamendu komunitariorako hiru partzela izango dira. Komertziorako erabilerak, nagusiki, Puntapax kalean sortuko den plaza txiki batean antolatuko dira, modu horretan, Olarriondori eta Munalurrari ez ezik, Ugartondori ere zerbitzua emateko.
Etxebizitza inguruaz gain, Olarriondo sektorearen zati handi bat (%41) Aranerreka parkeak osatuko du, Espazio Libreen Sistema Orokor gisa. “Hau da, ziurtatu dugu Aranerreka osoan ez dela ezer eraikiko HAPOaren indarraldi osoan”. Natur eremu horren proiektua idatzia du Usurbilgo Udalak, Lur Paisajistak enpresareki.
Horrela, proposamenak hainbat helburu beteko lituzke: (1) hurbiltasunezko inguruak sortzea, eguneroko behar nagusiei erantzun ahal izateko, (2) funtzio anitzeko eremu biziak sortzea, (3) hirigunearen barnean jarduera ekonomikoa sorraraztea eta (4) lo auzoak sortzea saihestea.
Antolamendu berrian, gainera, hirigintza jasangarria eta irizpide ekologikoak nagusitu dira: Olarriondo eko-auzo bat izan dadin proposatu dute. Hau da, batetik, auzoa nagusiki oinezkoentzat izatea nahi dute, auto pribatuentzako sarbide mugatuarekin. Bestetik, artifizializatutako lurzoruaren ehunekoa nabarmen murriztuko da, eta, azkenik, etxebizitzen inguruan berdeguneak eta naturarekin kontaktuan egongo diren eguneroko bizitzarako elkarguneak nagusituko dira. Urbanizazio mota horrek, gainera, urbanizazio kostuak nabarmen murriztea ekarriko du: %30 inguru.
Faseak eta konpromisoak
Olarriondo lau azpieremutan banatutako sektore bakarra izango da. Hau da, lau fasetan garatuko da Olarriondo, eta ez dena batera. Udalak ezarriko ditu sektorea garatzeko epeak HAPOaren programazioaren bitartez, eta lehenengo garatuko dena beheko aldea izango da, Puntapax kalearen ertzean dagoena. Dena den, eraiki ahala, azpieremu bakoitzaren funtzionamendua bermatuko da, etorkizuneko faseen mende egon gabe.
Hitzarmen berriarekin, gainera, alde bakoitzak zenbait konpromiso hartuko ditu. Batetik, lur jabeek, sektorea garatzeko hainbat epe dituzte zehaztuta, eta, bestetik, udalari baimena emango diote Aranerrekako parkeko lanak jabeen kargura egiteko, hori lotuta dagoen fasea egikaritu aurretik: 473.066 euro konprometitu dira horretarako. Udalak, bere aldetik, hitzarmenean ezarritako zehaztapenak eta antolamendua HAPOan sartuko ditu, eta 2003-2006 urteen artean sinatutako hitzarmenen ondorioz ordaindutako 454.545 euroak antolamendu berriak sortutako udalari dagokion %15eko lagapenarekin konpentsatuko du.