Eduki publikatzailea

Atzealdea Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak beste bost ikasturtez ematen jarraitzea onartu du udalbatzak, aho batez

Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak beste bost urtez eskuordetzea onartu du udalbatzak: 2026-2027 ikasturtetik 2030-2031 ikasturtera izango da indarrean. Udalak jarri ohi duen finantzaketa gehigarriaz ohartarazi du Kontu-hartzailetza sailak.

2026·09·25


Usurbilgo Udalak OLH Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak emateko Eusko Jaurlaritzak emandako 176/2021 dekretua bost ikasturterako luzatzea onartu du udalbatzak, aho batez. Hala, eskuordetzea indarrean izango da 2026-2027 ikasturtetik 2030-2031 ikasturtera arte: orain arte bezala, ile-apainketa eta estetika eta sukaldaritza eta jatetxe arloa zikloak eskainiko dira. Udalaren gain geldituko da zentroaren zuzendaritza eta kudeaketa, eta Eusko Jaurlaritzaren gain geldituko da ikuskapena eta kontrol pedagogiko eta ekonomikoa.

Dekretuan finantzaketa eta baldintza ekonomikoak ere zehazten dira, eta datozen bost ikasturteetarako 2.036.466 euroko aurrekontua aurreikusten da, urtetik urtera finantzaketa %2 handituz. Txostenean adierazten da, egoki ikusiz gero, udalak baliabide gehigarriak bideratu ditzakeela. Xabier Aranburu Leiva Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, udaleko Kontu-hartzailetzak txostena egin du. Azken bost urteetako eskuordetzearen finantzaketak izandako bilakera adierazten du dokumentuak: batetik, Jaurlaritzaren igoera %8koa izan da, hau da, %2 urteko; bestetik, udalaren igoera bederatzi aldiz biderkatu da azken bost urteetan: 2021ean, 9.000 eurorekin hasi zen, eta 2026an 80.000 eurora iritsi da. “Azken bost urteetan, udalak 224.000 euro jarri behar izan ditu, zerbitzuaren %11 bere gain hartuz”, nabarmendu du Aranburuk.

Gauzak horrela, udaleko Kontu-hartzailetzak dio egungo finantzaketa ereduak ez duela bermatzen zerbitzuaren benetako kostu osoa estaltzea. “Arrazoia garbia da: azken urteetan kostuen igoera %2 baino dezente handiagoa izan da, baina Eusko Jaurlaritza %2an gelditu da, eta ez dakigu zergatik: berdin du zer ikastaro mota ematen diren, zenbat ikasle dauden, zein herri den... Denek daukagu %2ko igoera”, ohartarazi du Aranburuk. Haren esanetan, kostuen barruan ez dira kontuan hartzen soldata kostuen igoera, ordezkapenak, bajak, administrazio lanen igoera, DUAL sistema martxan jarri izana, eta abar. Horrekin batera, Kontu-hartzailetzak bere txostenean adierazi du Eusko Jaurlaritzak ez duela finantzaketa autonomikoki berrikusteko mekanismorik aipatzen, eta beharrezkoa litzatekeela. “Batez ere, kostuak asko igoko balira, udala salduta gera litekeelako. Baita ere aipatzen du udalak finantzaketa gehigarri bat jarri lezakeela, baina horrek beste udal zerbitzu eta eskumen batzuk finantzatzeko gaitasunean eragina izango lukeela, hau da, ez dela mugagabea”, azaldu du Aranburuk.