Eduki publikatzailea

Atzealdea Ohiko formatuan eta indarberrituta itzuliko da Mundualdia, azaroaren 5ean

Egun osoko egitaraua izango du Usurbilgo jatorri aniztasunaren jaiak, herriko eragileen elkarlanari esker. Askatasuna plazaren 20. urteurrenean, udalak elementu berriak txertatzeko enkargua egin dio Karlos Zabala ‘Arrastaluri’, herriaren aniztasuna ere isla dezan.

2022·10·26


Hilabete hasieran iragarri bezala, azaroaren 5ean itzuliko da Mundualdia, ohiko formatuan. Egun osoko egitaraua prestatu dute Usurbilgo jatorri aniztasuna ospatzeko, herriko hainbat eragileren elkarlanari esker. Egun horretan aurkeztuko duten Aniztasun Kontseilua ari da Mundualdia antolatzen, jatorri aniztasunean eta elkarbizitzan sakontzeko bestelako lanak egiteaz gain.

Jatorri desberdineko herritarren arteko harremana eta elkarbizitza sustatzeko lanketa betean da Usurbilgo Udala, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu duenez. “Gure abiapuntua argia da: aniztasuna ez da mehatxu bat: aberastasuna da. Hortaz, gure herri eta auzoetako aniztasuna kohesio sozialerako elementu bilaka dadin, aniztasuna modu egokian kudeatu behar da”. Azaldu duenez, asmo horrekin jarri zuen udalak martxan Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen lan-ildoa, eta hortik hainbat lanketa eta proiektu eratorri dira.

Batetik, azterketa soziologiko bat egin zen, Usurbila etorri diren herritarren migrazio prozesuak ezagutu eta horiekiko eraiki diren diskurtsoak ezagutzeko. Horren emaitza izan zen, besteak beste, Migrazioari maskarak erauzten ikus-entzunezkoa. Gerora, jatorri aniztasuna eta elkarbizitza uztartuko dituen plan estrategikoa osatzeari ekin zioten: “Ezinbestekoak dira ezagutzan eta elkarrekiko aitorpenean oinarritutako ekimenak, aniztasuna balio positibo gisa eta edozein arrazakeria edo diskriminazio moduren aurkako errefusa sozial eta politiko argia sustatuko duen herri-ikuspegia sustatzea, baita pertsona guztien aukera-berdintasuna bermatuko duen udal-jarduera ere: migrazioak dakarren kultura-aniztasuna zeharka txertatzea politika sektorial guztietan, hala nola enpleguan, kulturan, hizkuntzan, gizarte-zerbitzuetan, etxebizitzan eta hezkuntzan”.

Plan horrek, era berean, lan-ildo eta ekimen ugari jasotzen ditu, eta horietako bat da Aniztasun Kontseilua sortzea. “Plan honen garapenerako, jarraipenerako, ezinbestekoa da udal ordezkariz eta herritarrez osatutako lan-bilgune bat sortzea, eta eratu berri dugun kontseiluak bokazio hori du”, azaldu du Solaberrietak. Kontseilua, une honetan, bi zeregin nagusirekin ari da lanean. Batetik, herrian egiten den harrera errebisatu eta berritzea, udal mailan zein herri mailan. Lanketa hori, hain zuzen, Biltzen zerbitzuaren laguntzarekin ari dira egiten (Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarteko Politiketako sailari atxikita dagoen titulartasun publikoko zerbitzua da). Aholkularitza eta laguntza eskaintzen die udalei, besteak beste: “Usurbilen egiten ari garen lanketa ezagutu zutenean, ez zuten zalantzarik egin, eta hurrengo bizpahiru hilabeteetan buru-belarri arituko dira gurekin lanean. Hain justu, gaur dugu lehenengo saioa”.

Era berean, Mundualdiak, jatorri aniztasunaren jaiak, usurbildar guztien artkeo ezagutza eta harremanak sustatzeko helburua du, Aintzane Iribar Aniztasun Kontseiluko kideak azaldu duenez: “Mundualdiak abagune ederra eskaintzen digu horretarako”. Iribarren esanetan, ohiko formatuan eta “indarberriturik” itzuliko da aurten Mundualdia: “Herriko beste eragileekin elkarlanean aritu gara, eta osatu dugun egitaraua bada horren isla”.

Azaroaren 4an, bezperan, Oinherri herri hezitzailearekin batera, tertulia filosofikoak antolatu dituzte LH6ko ikasleentzat; Potxoenean izango da, 18:00etan. Azaroaren 5ean, egun osoko egitaraua izango da. Goizean, Zirimararekin, Gaztelekuarekin eta Noauarekin batera, munduko beste herrialdeetako haurren jolasez gozatzeko aukera izango da. “Jolasa ezinbesteko bitartekoa da kulturartekotasunean sakontzeko, eta herrikide ditugun beste jatorrietako umeen jolas ohiturak ezagutzeko”. Arratsaldean, berriz, Aniztasun Kontseilua publikoki aurkezteaz gain, jakiak dastatzeko aukera izango da. Hainbat postu jarriko dituzte, besteak beste, Venezuela, Nikaragua, Sahara, Nigeria, Pakistan, Kuba, Galizia eta Mongoliakoak. “Zinez eskertu nahi dugu parte-hartzera animatu direnak: jakin badakigu lan handia hartzen dutela egun horretan euren herrialdeetako jakiak prestatzen, gu guztiok ezagutu eta probatzeko”. Horren ostean, musika emanaldiak izango dira, Iribarren esanetan: “Herrian hamarnaka musikari ditugu, baina gutxi dakigu beste jatorri bat duten herrikideen sorkuntzaz edota gaitasunez”. Hala, Alvaro eta Saul herrikide nikaraguarrak batetik, eta Kawadeni taldea bestetik, Afrikako doinuekin.

Mundualdiko azken hitzordua azaroaren 10ean izango da, harrera protokoloari lotuta. Mario Zapatak hitzaldia emango du (Potxoenean, 18:00etan), “Etorri berrien harreraren garrantzia: guztiok dugu zeregina” izenburupean. “Etorri berrien harrera integrala lantzeko gakoak emango ditu: interesgarria izango da, gaian sakondu nahi dugun guztiontzat”.

Askatasuna plaza, Usurbilgo jatorri aniztasunaren ispilu

Mundualdiarekin eta Aniztasun Kontseiluarekin batera, Askatasuna plazako azken berritasunak aurkeztu dituzte. Izan ere, 20. urteurrena du plazak, eta haren hormak janzten dituen Karlos Zabala Arrastaluren irudiak Usurbilek artearekin duen loturaren beste elementu bat gehiago direnez, ondare hori zaindu eta mantentzeko lanak egin dituzte, Beñat Larrañaga zinegotziak azaldu duenez: 200dik gora pieza berregin dituzte. Eraberritzea, ordea, ez da horretara mugatu: urteurrena baliatu dute Askatasuna plazako hormek Usurbilgo biztanleen jatorri aniztasuna isla dezan.

Era askotako irudiak dituzte Askatasuna plazaren hormek: herritarrak, lanbideak, euskal kulturan edo kirol munduan ezagun direnak... Azken hogei urteotan jatorri desberdineko hainbat herritar jaso ditu Usurbilek, eta aniztasun hori artearen bidez ere ikusgarri izan dadin enkargua egin dio udalak Arrastaluri. Piezak jartzen hasia da: sahararrak eta txinatarrak jada Askatasuna plazaren parte dira, eta pakistandarrak eta afrikarrak ere laster izango dira bertan.

Arrastaluk, bere aldetik, Usurbilek egin zion harrera nabarmendu du: “Usurbil harrera herria da, izan ere, ni neu ere zuetako bat naiz. Ongi aukeratu duzue, Usurbilera joanez, sustraiak berriro botatzeko”. Azaldu duenez, bere jarduna bere begiradari lotua dago: egin ahala sortzen du, “begirada xaloa” oinarri. Hogei urteren ondoren, Usurbil are “kosmopolitagoa” da, haren ustez, eta Askatasuna plaza berritze lanek hori islatzen dute.