Eduki publikatzailea
2021·12·22
Udalak azken sei hilabeteetan bultzatutako obrek eta inbertsioek atzerapenak izan dituzte, besteak beste, mundu mailan dagoen hornidura arazoak eginda. Atzerapenei azken hilabeteetako prezioen desegonkortasuna gehitu behar zaie zenbait kasutan. Sutegiko fatxadaren kasuan, bertan behera gelditu da lizitazioa eskuratu zuen enpresak dokumentazioa behar bezala ez aurkeztu izanagatik.
Jarraian, azken hilabeteetan martxan jarritako eta jarri beharreko lanen errepasoa:
Kiroldegiko harmailak. Hornidura arazoak izan eta espero baino beranduago izan bada ere, dagoeneko jarrita daude Oiardo kiroldegiko harmaila berriak.
Txirikorda. Zuinketa akta sinatuta, obrak hasteko moduan dira. Eraikitzen hasi aurretik, ordea, lurzorua egonkortzeko lanak egin behar dituztela ohartarazi du kontratistak, eta, beraz, espero baino gehiago luza daiteke lanen iraupena.
Sagardo plaza. Azaroan hasi behar zuten arren, hornidura arazoek zuzenean eragin diote Sagardo plazan egin nahi den esku hartzeari: batik bat, altzariak jarri eta pintaketa lanak egingo dituzte. Dena ondo bidean, urtarrilean egingo dute.
Pelaioenea. 2022 hasieran aterako dituzte lizitatzera Pelaioenea barrutik egituratu eta ekipatzeko lanak. 2020 eta 2021 artean egindako parte-hartze prozesuen bidez zehaztu zen Kalezarko auzo-ekipamendua eta Emakumeen Etxea hartuko dituen eraikina nola egituratu.
Kiroldegiko areto berria. Udal-brigada kiroldegiko areto berria egokitzen ari da: sauna zaharra kendu, eta garai bateko langilearen etxea zena moldatuta, 100 metro karratuko aretoa sortuko dute, irekia, eta barruan bi biltegi izango ditu. Orbeldi dantza taldeak erabiltzeko espazioa izango da: aurreikuspenen arabera, urtarrilaren amaierarako prest egon daiteke.
Hondeamakina. Udal-brigadarentzako hondeamakina berria datorren astean aterako dute lizitatzera. Prezioen igoera tarteko, aurreikusitakoa baino gehiago bideratuko da erosketara: 188.000 euro.
Sutegiko fatxada. Bertan behera gelditu da. Udan hasi behar zuten obrekin, baina lizitazioa eskuratu zuen enpresak ez du dokumentazioa behar bezala aurkeztu, eta hori izan da obra etengabe atzeratu eta, azkenean, bertan behera gelditzeko arrazoia. Proiektu horretarako ia 90.000 euro gordeak zituen udalak: erabiliko ez duenez, diru-poltsa komunera joango da. Proiektua berriz ere lizitatzera atera ahal izateko, beharrezkoa da prezioak berrikustea, zenbait material merkatuan lortzeko zailtasunak prezioen garestitzea baitakar. Martxotik aurrera, aukerarik badago, berriz lizitatuko dute proiektua.
Agerrazpi. Ez da udalaren obra, baina horrek ere, hornidura arazoak tarteko, atzerapenak izan ditu. Dena den, zuinketa akta sinatuta dago, eta urte hasieran hasteko asmoa azaldu dute.