Eduki publikatzailea
Atzealdea Noauak dinamizatuko du 650 Usurbil Bizi proiektua, udalarekin hitzarmena eginda
2022·12·16

Noauak eta Usurbilgo Udalak hitzarmena sinatu dute, elkarte horrek 650 Usurbil Bizi proiektua dinamiza dezan. Noauak, besteak beste, 650 Usurbil Bizi webgunea eta bere sare sozialak elikatuko ditu, bisita gidatuen eskaintza osatu eta 650 Usurbil Bizi bulegoa kudeatzearekin batera. Urtebete eta bi hilabeterako hitzarmena da, urtebetez luzagarria, bi aldeek hala erabakitzen badute. Lankidetza hitzarmenari lotuta, udalak 35.000 euroko ekarpena egingo dio elkarteari, urteko, dinamizatzailea kontrata dezan. Elkarteak jakinarazi duenez, dagoeneko abiatu du kontratazio prozesua.
650 Usurbil Bizi proiektua Usurbilen neurrira egindako turismo eredu berria da, ohiko turismo eredutik aldentzen dena: herriaren identitatean, baloreetan, ondarean eta proiektu eraldatzaileetan oinarritutako eskaintza proposatzen du. Hori guztia modu parte-hartzailean eraikia izan da, herriko eragileen eta udalaren artean, Jon Maia bertsolariaren laguntzarekin. Usurbil ezaugarritzen duen guztia bisitariei ezagutarazteko modua egin dute, usurbildarrentzat ohikoa denari duen garrantzia aitortu eta bisitariei ezagutarazteko. Maiak esana da: “Usurbila datorrenak ikusi ahal izango du beste mundu bat posible dela: gauzak beste era batera egin daitezkeela eta Usurbilen hala egiten direla”.
Proiektua garatzen hastetik urtebetea pasata, lur hartzen hasi da, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak nabarmendu duenez: “Egunerokoan honetan lanean arituko den norbait kontratatu ahal izatea urrats garrantzitsua da: hitzarmen honek proiektua indartuko du”.
Idoia Torregarai Noaua elkarteko lehendakariaren esanetan, zuzendaritza taldea segituan konturatu zen 650 Usurbil Bizi proiektuaren oinarrian “ideia oso indartsua eta berritzailea” zegoela, eta berehala erabaki zuten baiezkoa ematea. “Usurbildarrak bezala, gu ere erronka zaleak gara: ez diogu beldurrik aurrera egiteari, ausart jokatzeari. Proiektuak bete-betean egiten du bat gure oinarriekin: elkarlana, berrikuntza eta kultura. Gainera, udalaren eta herritarren babesa daukagu, eta hori ere garrantzitsua da. Herritarrek ezagutzen dute proiektua, bertan parte hartuko dute, eta poz-pozik ekingo diogu bide berri honi ere”.
Herriari gidaritza ematea
Proiektua eraikitzen lagundu duen Jon Maia ere prentsaurrekoan izan da. Turismoa planteatzeko eredu berritzaile bat izanik, kudeaketa ere berritzailea behar duela argi egon da: “Uste dut oso berritzailea dela herriko kultur elkarte batek kudeatzea herriko turismo eskaintza: herriari gidaritza emateko modua da, eta uste dut aurrekari oso polita izan daitekeela beste herri batzuetarako”. Maiak hainbat hilabete eman ditu proiektuan lanean, eta pozik agertu da hitzarmenaren sinaduran: “Poz izugarria ematen du buruan geneukan asmo ero samar hori, pixkanaka, nola gauzatzen ari garen ikusteak. Gaurko pausoa handia eta berezia da, eta oraindik politena iristear dago”.
Noaua, 1996az geroztik herrigintzan
Herri eragileek eta haiek egiten duten lanak osatzen dute herriaren izaera, eta turismo eredu berriak hori guztia bisitariei eskaintzea proposatzen du. Hala, proiektua gidatzeko modurik egokiena herriko eragile batek bere gain hartzea dela erabaki zuen udalak, turismo teknikari batek gidatuko balu, proiektuaren berezko izateari uko egitea bailitzateke. “Udalaren eta herriko eragileen arteko lankidetza behar du, erantzunkidetasunetik sustatuta”, azaldu du alkateak.
Proiektuaren dimentsioa ikusita, lehendik herrigintzan egin duen lan izugarria kontuan hartuta, eta halako lan bati aurre egiteko egokiena dela iritzita, udalak Noaua! Kultur Elkarteari eskaini zion proiektua gidatzeko ardura. Eta Noauak baiezkoa eman zuen. Noaua! Kultur Elkartea 1996an sortu zen, eta ordutik herrigintzan lan egiten du, euskararen erabilera suspertu, zabaldu eta euskal kulturgintza bultzatzeko helburuarekin.
Noaua Elkarteak, orain, 650 Usurbil Bizi proiektua garatzen jarraitzeko ardura izango du. Turismo eskaintza osatzea, webgunea eta sare sozialak elikatzea, bisita gidatuen proposamen bat egitea, antolatzea eta eskaintzea eta 650 Usurbil Bizi informazio bulegoa kudeatzea. Bisita gidatuak apiriletik urria amaiera bitartean eskainiko lituzke, eta informazio bulegoa, berriz, apiriletik uztailera eta irailetik urrira bitartean egongo litzateke irekita, ostiral arratsaldetik igande eguerdira.
Langile bila
Noauak dagoeneko abiatu du turismo eredu propio hori dinamizatzeko lan eskaintza: interesdunek urtarrilaren 9a baino lehen bidali beharko dute curriculuma elkartea@noaua.eus helbidera. Noaua! Kultur elkartean urtebetez lanaldi erdian aritzeko kontratua eskaintzen da (bi hilabeteko probaldiarekin). Eskaintza argitaratua dute, aldi berean, Lanbiden, Iragarki Laburretan eta Noauan bertan.
Hona eskatu dituzten baldintzak:
- Turismoa, kultura, komunikazioa edo jarduera soziokulturarekin lotutako diplomatura edo gradu baten jabe izatea. Alor horiei lotutako masterrak edo graduondokoak ere onartuko dira.
- Beste diplomatura baten jabe izanik, prestakuntza osagarria edo esperientzia izatea kultura, ondarea edo turismo alorretan.
- EGA edo baliokidea izatea.
Honako alderdiak ere baloratuko dira:
- Harremanetarako eta komunikaziorako gaitasuna.
- Ekintzailea izatea eta proiektuak sortzeko gaitasuna izatea.
- Kanpoko hizkuntzak jakitea.
- Herrigintzan esperientzia izatea.
- Turismo alorrean esperientzia izatea.
- Webguneak eta sare sozialen kudeaketan ezagutza izatea.
