Eduki publikatzailea

Atzealdea Neurriak eta gomendioak muturreko beroagatik ezarritako alarma gorria dela eta

Udalaz gaindiko erakundeetatik etor daitezkeen erabakien zain, aire zabaleko jardueretarako, pertsona zaurgarrienei begirako eta laneko arriskuen inguruko neurriak eta gomendioak adosteko larrialdiko bilera egin da udalean. Bertan behera geldituko da astearteko Goazen kalera ekimena. Garbitaniak aurreratu egingo du hondakinen bilketaren ordutegia, eta larrialdi guneak egun osoan irekita izango dira.

2026·06·22


Muturreko beroagatik ezarritako alarma gorria dela eta, herri mailan hartu beharreko neurriak eta gomendioak aztertzeko hainbat sailen arteko bilera egin du udalak. Udalaz gaindiko erakundeetatik etor daitezkeen erabakien zain, hiru eremutarako neurriak eta gomendioak aztertu dira: aire zabaleko jardueretarako, pertsona zaurgarrienei begirako eta laneko arriskuen ingurukoak. Neurriak alarma gorria indarrean den bitarterako hartuko dira.

Aire zabaleko jarduerak

  • Udala ekipamendu publikoak babesleku gisa eskaintzeko azterketa egiten ari da.
  • Askatasuna plazako aspertsorea goizetik jarriko da martxan, eta leku gehiagotara zabaltzeko aukera ere aztertuko da.
  • Baso sute arriskua: gaur, astelehena, egun osoko abisu horia ezarrita dago baso-sute arriskuagatik, 00:00etatik 24:00etara, tenperatura altuen eta hego-osagaiko haizearen intentsitatearen ondorioz.
  • Sanjoan suak: egingo diren leku guztietan mangerak izango dira. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak gomendatu du baso-masetatik hurbil dauden eremuetan suak piztea saihesteko.
  • Bestelako neurrien zain, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako gomendioei jarraitzea aholkatzen da.
  • Zerbitzuak:
    • Hondakinen bilketa aurreratu egingo da, eguneko ordurik beroenak saihesteko: hondakinak ohi baino ordu eta erdi lehenago ateratzea gomendatzen da. Era berean, larrialdi guneak egun osoan irekita izango dira.
    • Kirol Sailak jakinarazi duenez, suteaz geroztik, aire girotuaren sistema ez dabil ondo, eta ez daude kirola egiteko baldintza egokiak. Kirol saila egoera kudeatzen ari da, eta erabiltzaileei gomendio orokorrak bidaliko dizkie.

Pertsona zaurgarrienei begirako neurriak

  • Ekainaren 23ko Goazen kalera saioa bertan behera geldituko da, paseoa gauzatzeko baldintza egokirik ez delako izango.

Laneko arriskuen prebentzioa

  • Barruko espazioetan zein kalean lan egiten duten udal-langileentzako aukerak aztertu eta bideratuko dira.