Eduki publikatzailea

Atzealdea Neurri zorrotzagoak agindu ditu Jaurlaritzak Covid19-aren transmisioa eteteko

Taberna eta jatetxeak ixteko agindua eman du, etxeratze-agindua 22:00etatik 06:00etara luzatu eta dendek 21:00etarako itxi beharko dute. Bihartik aurrera, maskararen erabilera derrigorrezkoa da une oro.

2020·11·06


Bigarren olatu betean, Covid19-ak jotako biztanleen datuek nabarmen gora egin ostean, transmisioa eteteko neurri zorrotzagoak jarriko ditu indarrean Eusko Jaurlaritzak bihartik aurrera. Horien guztien helburua mugikortasuna eta kontaktuak are gehiago murriztea da, haien esanetan. Atzo LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordearen bileraren ostean iragarri zituzten neurri berriak.

Hauek dira neurri nagusienak:

  • Maskararen erabilera derrigorrezkoa da, une oro, 6 urtetik gorako herritarrentzat.
  • Etxeratze agindua, ordubete lehenago: 22:00etatik 06:00etara.
  • Jatetxeak eta tabernak itxita (otorduak etxera eramateko eskaintzea baimenduta dago).
  • Osagarri gisa kafetegia duten okindegietako tabernak ere itxita izango dira, baina eramateko jar dezakete.

Udala argibide gehiagoren zain dago musikari, kulturari eta kirolari dagozkion hainbat neurriri dagokionez. Gimnasioan, esaterako, maskara erabili beharko da derrigor bihartik aurrera, eta aldagelak ez dira erabilgarri izango gimnasioko erabiltzaileentzat. Orokorrean, hainbat moldaketa egin beharko dira, eta datorren astean emango du horien berri.

Udal-gobernuaren iritziz, jatetxeak eta tabernak ixtea “neurri gogorra” da, sektorearentzako “kolpea” dela. Lehengo astean zabaldu zuen Covid19-agatik egin beharreko inbertsioetarako dirulaguntza deialdia, eta azaldu dutenez, sektorea laguntzeko aukera ezberdinak aztertzen ari dira.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoeraren balorazioa egin ostean proposatu zituen neurriok LABIk. Haien esanetan, “gero eta handiagoa eta kezkagarriagoa” da birusaren transmisio komunitarioa. Egoera asistentzialarekiko inpaktuak gora egin du ospitaleetako eta ZIU oheen okupazioan: berehalako kolapsoa izateko arriskurik ez dagoen arren, ospitale-saturazioa jada mehatxua da. Pertsona asintomatiko askok ez dakite birusa daramatela eta kutsatu egin dezakete, neurriak zorrotz betetzen ez badituzte. “Ezinbestekoa” da neurri berriak hartzea eta orain egitea, birusaren transmisio-katea hausteko.

Hamabost eguneko epean neurtuko dute neurri berrien eraginkortasuna, eta, beharrezkoa balitz, beste horrenbeste luzatu.

Deskargatzeko:

LABIren neurriak.