Eduki publikatzailea

Atzealdea Nerabe, gazte eta kultur zaleen elkarlanerako aterpea aurkeztu dute: Arrobitxulo

Orain arte Elkargunea gisa ezagutua izan den proiektuaren nondik norakoak aurkeztu dituzte Arrobitxuloren bultzatzaileek. Marka irudia, eraikinaren proiektua eta hurrengo urratsen berri ere eman dute Sutegin egindako aurkezpenean.

2025·02·24


Partaidetza-prozesua abiatu zenetik urtebetera, nerabe, gazte eta kultur zaleen elkarlanerako aterpe izango den Arrobitxulo aurkeztu dute, Sutegin, proiektuaren bultzatzaileek.

Partaidetza prozesua

Partaidetza prozesuak Aztarrika gazte mugimenduak herriko gazteen egoera ikertzeko egindako lan bat du jatorrian, herriko beste gazte eragile batzuekin elkarlanean egina: Usurbildarron gazte ahotsa: pandemiaren ondorioak gazteongan. Ondorioztatu zen herriko sortzaileen jardunerako, kultur emanaldiak programatzeko eta gazteen arteko harremanak sustatzeko gune berri bat behar zela herrian. Urte hartan, gai hori lantzea izan zen Gazte Egunaren helburu nagusia. Kulturgunea, Ziortza eta Gaztelekua eta laurak izan dira Elkargunea definitzeko partaidetza prozesuaren bultzatzaile nagusiak, udalaren eta norbanakoekin batera.

Guztira, bost saio ireki eta talde motorraren hileroko jarraipen bilerak egin dituzte, baita beste zenbait herritako esperientziak ezagutzeko irteerak antolatu ere: Oñatira eta Errenteriara, besteak beste. Nerabe eta gazteen ekarpenak jasotzeko lanketa propioak ere egin dituzte.

Xedea eta helburuak.

Bost helburu finkatu dizkiote Arrobitxulori: sen komunitarioarekin aritzea; elkarlanean jardutea; euskal kulturgintza hauspotu eta transmisioa bermatzea; askotariko jardun eta eskaintza bermatzea; gazteen beharrak asetzea eta herritar aktibo bihurtzea.

Balioak.

Hamaika balore sustatzea adostu dute: burujabetza, ekologia, feminismoa, euskaltzaletasuna, elkarlana, parte-hartzea, inklusioa, segurua, komunitatea eta sormena.

Espazioak eta erabilera.

Eraikin barruan, hiru espazio nagusi izango dira: bakoitzak bere funtzio propioak izango baditu ere, bestelako erabilerak emateko moduan irudikatu dituzte. Batetik, areto nagusia, gazte mugimenduaren jardunerako erreferentziazko gunea izango da, kontzertuak, asanbladak eta, oro har, jarduera jendetsuak egiteko balioko du. Oholtza, soinu-ekipoa, komunak eta sukaldea izango ditu. Bestetik, aisialdi gunea Gaztelekuko eta Ziortzako gazte eta nerabeentzat erabilera libreko espazioa izango da. Sormen guneak, berriz, soinu gunea, gune digitala, ispilu gela eta gune narrasa izatea nahi dute.

Eraikinak, gainera, kanpoko aldearekin harremana izatea da asmoa, proiektuaren zein herritarren aisialdi jardueretarako balioko duena.

Barne antolaketa.

Bi lan-gune nagusi izango ditu Arrobitxulok: talde motorra, erabakigune iraunkorra izango dena, egunerokotasunari erantzuteko, eta batzar orokorra, erabaki estrategikoak hartu, Arrobitxuloren norabidea markatu eta ikuspegi orokorra bermatzeko. Lehenak izango du biltze-maiztasun handiena, eta bigarrena urtean hiruzpalau aldiz bilduko litzateke.

Udalarekin koordinatzeko beste foro bat ere aurreikusi da, batzorde instituzionala deitu dutena.

Erabiltzaileen profilak.

Lau profil finkatu dituzte: kideak, aktiboak diren eragileak, modu puntualean parte hartuko duten eragileak eta herritarrak. Modu horretara, inplikazio maila desberdinetan parte hartzeko aukera emango da. Guztien artean, funtzionamendurako barne-araudia sortzekoak dira.

Kudeaketa.

Udala proiektuaren sustatzaile eta eraikinaren jabe den aldetik, Elkargunearen kudeaketa partekatua izango da, eta eredu propio bat sortzeko asmoa adierazi dute. Oinarriak adostu dituzte: lanerako, auto-kudeaketaren filosofia hartzea; Gaztelekuaren kudeaketa esleipen publiko bidez egiten jarraitzea; hitzarmen edo dirulaguntza zuzen bat adostea; udalak proiektuari herri-ikuskera emateko funtsezko papera izatea.

Izena: Arrobitxulo

Elkargunerako izenaren proposamenak jasotzeko hainbat bide landu dituzte. Guztira, 42 proposamen jaso dira, eta Arrobitxulo aukeratu dute, guztien artean, toponimiarekin duen harremana eta sinbolismoagatik. Elkargunea eraikiko den zelaiaren alde bateko kaleak Arrobitxulo izena du: garai batean harrobia zegoen han, baita zuloa ere, eta ikasleak eskolarako arbelaren bila joaten ziren bertara.

Harrobi zein zulo kontzeptuen sinbolismoa ere nabarmendu dute. Batetik, gaztetasunaren, sorkuntzaren euskal kulturaren transmisioaren eta belaunaldi arteko harremanen harrobia izan dadin nahi dute. Bestetik, zuloa Arrobitxuloko kontzertuen aretoarekin lotu dute.

Marka irudia

Malen Aierbe Zubeldia diseinatzaile usurbildarrak osatu du Arrobitxuloren marka irudia. Proiektuaren edukiez gain, izena bera hartu du marka irudia sortzeko oinarri gisa, “bere esanahi eta garrantziagatik”. Aierbek Arrobitxulo letra-tipoa sortu du, alfabeto osoko letrekin eta hizkiekin. “Sendotasuna eta nortasuna” adierazten dituzte letrek, eta guztiak hiruki batek (gutxienez) zulatzen ditu; hirukiak play ikurra eta fokuen argiztapena irudikatzen ditu, proiektuaren musikalitatea eta dinamismoa islatuz. Hori guztia, gainera, kolore bizi-biziekin jantzi du.

B letran, bi hiruki daude elkarri begira, elkarlana adierazteko helburuarekin, eta horixe da markaren isotipoa ere: logoa osorik jarri gabe, marka identifikatzeko elementua izango da.

Eraikinaren proiektua

Udalak potentzialitate handia ikusten dio proiektuari, Iratxe Begiristain zinegotziak azaldu duenez: “Uste dugu herriaren eta herritarren hainbat beharri erantzuteko balioko duela”. Udal-gobernuak ere hasieratik egin du Elkargunearen aldeko apustua, eta gogoratu du Legealdiko Planean hartutako konpromisoetako bat dela.

Hala, Elkargunea definitzeko partaidetza-prozesua bultzatu zuten iaz, eta Udarregi pareko zelaian eraikitzea adostu zen. “Leku egokiena da, bai espazioaren tamainaren aldetik, eta baita arauen aldetik ere; egun indarrean diren Arau Subsidiarioek zein behin-behineko onarpena emana diogun Plan Orokorrak espazio horretan udal ekipamendu bat egitea aurreikusten du”. Udalaren irizpidea, eraikin berriak egin baino lehen, erabiltzen ez diren eraikinak berritzea da, baina, kasu honetan, herrian ez dago irudikatutako espazio berri horren ezaugarriak betetzen dituen areto edo eraikinik.

Udalak eraikina egiteko 2,5 milioi euroko mailegu bat eskatu du, eta, horrez gain, aurre-proiektua ere esku artean du: “Orain exekuzio proiektua idazteko lizitazioa aterako dugu, obraren kostu handia dela eta. Irabazten duenak sei hilabeteko epea izango du exekuzio obra idazteko, eta ondoren, obra bera esleitu behar da: dena ondo bidean, 2026 hasieran izan daiteke hori”.

Hurrengo asanblada, martxoaren 22an

Orain arteko ibilbideaz eta lanaren emaitzaz gain, aurrera begirako urratsez ere hitz egin zuten Sutegiko aurkezpenean. Aurkezpenetik gehien gustatu zitzaizkien bi ideia nabarmentzeko eskatu zieten ikusleei, baita Arrobitxulon gertatzea nahi luketenaz galdetu ere. Hurrengo asanbladaren data ere jakinarazi zuten: martxoaren 22an izango da.