Eduki publikatzailea
Atzealdea N634ko errei bat itxiko dute, Matia parean, hurrengo bi asteburuetan
2023·06·05

Hurrengo bi asteburuetan, N634 errepideko errei bat itxita egongo da, Matia parean: ekainaren 9ko eta 16ko asteburuetan, ostiralean 22:00etan hasi eta asteleheneko 05:00 arte, errei bat itxita egongo da, eta trafikoa behin-behineko semaforo batekin bideratuko dute. Udalak eta Matiak proiektu bat adostua dute leku horretan autobus geltoki berria egiteko, eta, horretarako, lur mugimenduak egin behar dituzte.
Zaintzadun etxebizitzen auzunea eraikitzen ari da Matia Kalezarren. Matiak zein udalak hasieratik garbi izan dute auzuneak irisgarritasun unibertsala bermatu behar zuela, baina gehiegizko aurrekontuak proiektu osoaren bideragarritasun ekonomikoa kolokan jarri zuen, eta bi fasetan egitea erabaki zuten: auzunea eta bere aurreko urbanizazioa lehenengo, eta finantzazioa lortutakoan, autobus geltoki berria eta igogailua.
Autobus geltoki berria egungotik metro batzuetara egingo dute. Hortik auzunera 22 metroko desnibela dago, eta hori gainditzeko bi igogailu eta eskailerak eraikiko dituzte: geltokia eta auzunearen kotan sortuko den plaza publikoa lotuko dituzte horrela, eta, ondorioz, baita Kalezar eta Ugartondo ere.
Igogailuak jartzeko lanak hasita daude, eta hurrengo urratsa geltokia egiteko tokia egitea izango da. Lur mugimenduak egin behar dituzte, hustu, eta horixe izango da hurrengo bi asteburuetan N634ko errei bat ixtearen arrazoia.
Proiektuaren finantzazioa
Obren kostua 1,6 milioi eurotik gorakoa da. Udalak 480.000 euro ordaintzeko konpromisoa hartu du, hiru urtetan banatuta: 150.000 euro 2022an, 150.000 2023an eta 180.000 euro 2024an. Aurrekontuaren gainerakoa Matiaren ardura izango da, baita sor daitezkeen ezustekoak finantzatzea ere; Europako funtsetatik 700.000 euroko laguntza jasoa du Matiak, eta bultzada garrantzitsua izan da proiektuarentzat.
Igogailuaren obra egin ondoren, udalaren gain geldituko da instalazioaren mantentze lanak egitea; geltokien mantenuaren kasuan, Gipuzkoako Foru Aldundiarena izango da ardura.
