Eduki publikatzailea

Mugikortasun Planaren lehen ondorioak usurbildarrekin partekatuko ditu Udalak

Saio horietan, usurbildarrek erabakiko dute zeintzuk diren lehentasunezko neurriakherri guztiaren onurarako, eta horiek denbora plangintzan barnebilduko dira.

2017·06·02


Joan den urteko udazkenean hasi zen 'Kale Irekiak' prozesu partehartzailea, eta, bertan, usurbildarrekin Mugikortasun Planaren nondik-norakoak zehaztu zituen Udalak. Helburua argia zen hasieratik: herriko espazio publikoaren eta mugikortasun ereduaren gabeziak eta beharrak aztertzea eta horien gaineko proposamenak egitea. Modu horretan, herriaren mugikortasun eskema eta espazio publikoen diseinua definitzeko lehen urratsaeman zen.

Udazkenetik hona, partehartze prozesu horretan adierazitakoa dokumentu tekniko batean jaso da. Hala, dokumentu horretan, mugikortasun jasangarriaren irizpideetan oinarrituta, kale, plaza eta auzoetako herri-lan edo eta birmoldaketa proposamenak jaso dira. Proposamen horien zertzelada nagusiak aurkeztu eta herritarrekin partekatzeko, ekainaren 13 eta 20ean herritarrentzako bilera irekiak egingo dira Potxoenean18:00etan.

“Aldaketa guzti horiek Espazio Publikoaren Planean jaso, eta Denbora-Plangintza batean ordenatuko dira. Plangintza definitzeko, usurbildarron laguntza eskatzera gatoz berriz ere. Hau da, guztion artean erabaki dezagun proposatutako aldaketa guztietatik, zein izan behar den gauzatzen lehena, zein bigarrena eta ondorengoak”, adierazi dute udal ordezkariek.

Lehenengo lansaioa

Ekainaren 13ko lansaioan, partehartze prozesuan izandako emaitzak aztertuko dira lehenengo. Hala, herriko gune ezberdinetarako mugikortasun eskema eta espazio publikoen eraldaketarako proposamen nagusienak zeintzuk izan ziren birgogoraraziko da.

Horretaz gain, partehartze prozesuaren emaitzetan oinarrituta, Berrantolaketa Planean definitu den mugikortasun antolamendu orokorra azalduko da, herriaren eskema berria modu erraz batean ulertzeko.

Bigarren lansaioa

Lehenbiziko lansaioan herriko eskema berria ezagututa, eta Kale Irekiak prozesuan landutakoa oinarritzat hartuta, herriko gune ezberdinetako lanak egiteko proposamen garrantzitsuenak azalduko dira.

Proposamen horien artean, usurbildarrek erabakiko dute herri guztiaren onurarako zeintzuk diren lehentasunezkoak, garrantzizkoenak eta egingarrienak. Informazio horrekin, Espazio Publikoaren Planean denbora-plangintza gauzatuko da.