Eduki publikatzailea
Atzealdea Mugi sistemaren tarifen ekitate eta justizian are gehiago sakontzeko eskatu dio udalbatzak Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari
2022·04·01

Mugiren tarifa eredua babestu eta Mugi sistemaren tarifak sozialagoak eta izateko neurriak hartzeari buruzko mozioa izan dute hizpide martxoko osoko bilkuran; EH Bilduren eta PSE-EEren artean adostutakoa da testua; EAJk abstentziora jo zuen. Gipuzkoako garraio operadore publiko guztiak garraio publikoa planifikatu eta koordinatzeko organo bakar horretan integratzen joan dira 2013az geroztik, eta tarifak integratzeko sistema jarri zuten martxan. Horixe txalotu, eta Mugiren izaera soziala nabarmendu dute testuaren bidez.
Osoko bilkuran onartutako testuarekin, Mugi sistemaren tarifen ekitate eta justizian are gehiago sakontzeko eskatu dio udalbatzak Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari, eta eskatu dio zenbait neurri eztabaidatu eta onartzeko tarifak berritzerakoan. Honakoak:
- Garraio publikoaren erabiltzailerik ohikoenen batez besteko kostua jaisten laguntzeko neurri hauek hartzea:
- Hurrengo bi ekitaldietan tarifen prezioak izoztuta mantentzea, inolaz ere ezin daitezen izan garraio publikoaren erabiltzaileak eta beren soldatak energia eta erregaiaren igoera eragin duten krisiei eta Gipuzkoako gizarteari eragiten dion inflazio handiari aurre egiten dietenak.
- MUGIren deskontu sistemaren aldaketa onartzea, haren progresibitatean eta justizia sozialean sakontzeko, eta laugarren tartea sortzea, MUGIren erabiltzaileei doakotasun handiagoa emateko MUGI txartela erabiltzen duten tarte guztietan.
- Etorkizunean tarifak jaisteko formulak aztertzea
- MUGI sistemaren tarifa ereduaren misio sozialean aurrera egitea eta bereziki zaurgarriak diren gizarteko kolektibo berriak sartzea.
- Usurbilgo Udala Gipuzkoako garraio sistemaren zerbitzu guztiak berreskuratzearen alde dago, baita erabiltzaileak gutxitzeagatik edo beste edozein erabakirengatik arriskuan egon direnak ere, eta Renfe Aldirien zerbitzuaren egoera arintzen laguntzeko neurriak aztertzearen alde egiten du.
- Usurbilgo Udalak garraio eskaintza behar beste zabaltzeko eskatzen dio Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari, erabiltzaile guztien eskaerei erantzuteko.
- Jakinik Gipuzkoako garraio publikoaren tarifa sistemaren kostuak handitzea ekar dezakeela horrek guztiak, Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio errepideen foru sarean bidesaria ordaindu behar den zatietan bildutakoaren zati bat garraio publikoa sustatzeko erabil dezan eta Gipuzkoako Errepide eta Bideen Foru Arauaren testu bateratuaren zazpigarren titulua eta hura garatzeko dekretua martxan jar ditzan –martxoaren 29ko 1/2011 Foru Arauaren bidez onartu zen Gipuzkoako Errepide eta Bideen Foru Arauaren testu bateratuaren zazpigarren titulua–.
Mozioa, osorik: hemen.
