Eduki publikatzailea

Atzealdea Mintzalagunen bila, euskaraz gehiago eta hobeto hitz egiteko

Urrian eta azaroan zehar hasiko da Mintzalagun egitasmoa Usurbilen, eta irekita dago izena emateko epea. Bi profil behar dira taldeak osatzeko: bidelariak, euskara-gaitasuna hobetu nahi dutenak; eta bidelagunak, euskaraz ondo moldatzen direnak eta lagundu egin nahi dutenak.

2026·10·28


Euskara ikasteko biderik zabalduena euskaltegian aritzea da; bada, ordea, euskararen oinarria izan eta batez ere ahozko komunikazioan hobetu nahi duenik. Horretarako egitasmoa da Mintzalagun: ahozko gaitasuna lantzeaz gain, helburua da euskaraz aritzeko ohiko oztopoak (lotsa, zailtasuna, ohitura falta eta abar) gainditzea, eta, beraz, hizkuntza-ohituretan eragitea.

Horretarako, lau-bost laguneko talde txikiak astean behin elkartzen dira, giro atsegina, hurbila eta parte hartzeko erraza izateko. Astean behingo hitzorduez aparte, gainera, ekimen honetan parte hartzen duten mintzalagunen topagune ere izan nahi du, euskararen bueltan sarea sor dadin; horregatik, urtean zehar ekintza osagarriak ere antolatzen dira, aisialdiarekin eta gozamenarekin lotutakoak.

Taldeok sortzeko, ezinbestekoak dira bi profil hauek: batetik, bidelariak, egunerokoan euskaraz aritzeko solaskiderik ez dutenak; bestetik, berriz, bidelagunak, bide horretan laguntzaile izan nahi dutenak.

16 urte baino gehiago dituzten herritarrei zuzenduta dago, eta izena emateko honako bide hauetakoren bat erabili behar da: zerbitzuak@ttakun.eus edo 650 459 354.

Bidelagunen beharra

Euskararen biziberritze-prozesuan, indar handia jarri izan da euskararik ulertzen ez zutenak euskalduntzen, eta hala behar du: hiztun berriak sortzea ezinbestekoa da, euskarak etorkizunik izango badu. Hiztunaren lana ez da ikasgelako martxara mugatzen; hizkuntza hitz egiteko eta hobetzen jarraitzeko, beharrezkoak dira harreman-sareak, eta, horretan, funtsezko zeregina du euskaraz ondo moldatzen den herritarrak.

Hainbat herritarrek ahalegin handia egiten dute euskara ikasteko, baina zenbaiti kosta egiten zaio euskarari eusten, eta arrazoi nagusietako bat da ez izatea norekin hitz egin. Behar horri erantzuten dio Mintzalagun egitasmoak, baina azken urteotan, bidelagunak lortzeko zailtasun handiak izan dira, eta horrek, azkenean, ekartzen du hiztun potentziala laguntzarik gabe uztea, eta, beraz, kasu askotan, euskarak hiztunak galtzea. Izan ere, euskaraz hitz egiteko pausoa emango du inguruan konfiantzazko giroa badu, pixkanaka gai bihurtzen bada eguneroko beharrak euskaraz asetzeko; bada, hori egiten laguntzeko, euskal hiztun bidelagunak behar-beharrezkoak dira.