Eduki publikatzailea
2021·01·26
Mintzalagun izateko izen-ematea martxan jarri du AEK-k, euskaraz hitz egiten dutenak euskaraz hitz egin nahi dutenekin elkartzen dituen programa. Izan maila hobetu nahi dutelako, izan euskarari esker jendea ezagutu nahi dutelako edo euskara ikasleei lagundu nahi dietenak, euskarazko elkarrizketak izatea da programaren helburua. Izena emateko webgune bat jarri dute martxan, praktikatu.eus, eta informazio gehiago nahi duenak Usurbilgo euskaltegira ere idatzi dezake, etumeta@aek.eus helbidera.
Modu informalean bultzatzen dituzte euskarazko elkarrizketak. Usurbilen, esaterako, hamabi mintzalagun daude, eta lau taldetan aritzen dira. Euren artean adostutako toki eta orduan gelditzen dira kafea hartzeko, paseo bat emateko, edo, egungo egoerak eraginda, online saioa egiteko. Astean, gutxienez, ordubetez euskaraz aritzea dute erronka. Horrez gain, antolatzaileek txangoak edo bestelako ekintzak ere eskaintzen dituzte, nahi dutenek parte har dezaten.
Hizkuntza eskubideen ahalduntzea
Euskararekin lotutako saio bat izango da datorren astean, otsailaren 3an: Potxoenean izango da, 18:00etan. Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak hizkuntza eskubideak zeintzuk diren, horien inguruko urraketak salatzeko zer egin daitekeen azalduko du, baita urraketak salatzearen garrantzia nabarmendu ere. Saioan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea usurbilkultura.eus webgunean. Saiora telefono mugikorra eramatea gomendatu dute.