Eduki publikatzailea

Atzealdea Merkatari zaintzaileen bi ekimen, datorren astean

Merkatari zaintzaileen sareko kideei zuzendutako sorospen ikastaro bat egingo da azaroaren 5ean eta 7an, eta Oinarrizko Lanbide Hastapeneko ikasleek prestatutako gozoak dastatu ahal izango dira, azaroaren 8an, NI eta Ane ile-apaindegietan: establezimenduak txandatuz joango dira, hilabetean behin. “Herri zaintzaileak gozoak eskaintzen dizkizu: topatu eta gozatu!”.

2024·10·31


Ekainean abiatu zen merkatari zaintzaileen bi ekimen izango dira, datorren astean. Batetik, sorospen ikastaro bat jasoko dute Usurbilgo DYAren eskutik, merkatarien eskariz, eta, bestetik, Usurbilgo OLH Oinarrizko Lanbide Hastapeneko sukaldaritzako ikasleek prestatutako gozoak dastatzeko aukera emango dute hilabetean behin, txandaka, herriko establezimenduetan. Bi ekimenak herri zaintzailearen testuinguruan kokatzen dira.

Sorospen ikastaroa

Merkatari zaintzaileen sarea martxan jarri zenean, herriko dendariek adierazi zuten baliagarria izango litzaiekeela sorospen ikastaro bat jasotzea, eta horri erantzunez antolatu dute ikastaroa, Usurbilgo DYArekin elkarlanean. Larrialdiei aurre egiteko ikasketa teoriko-praktikoa jasoko dute, baita bihotz-birika suspertzea egiteko oinarrizko jakintza ere. Azaroaren 5ean eta 7an izango da ikastaroa, merkatariei egokitutako ordutegian (13:30etik 15:30era), Potxoenean. Parte hartu nahi dutenek udalera deituta edo mirisarri@usurbil.eus -era idatzita eman dezakete izena.

Gozoak, dastagai

Era berean, gozogintzari lotutako kanpaina bat abiatuko da, Herri zaintzaileak gozoak eskaintzen dizkizu: topatu eta gozatu! lelopean. OLH -ko sukaldaritzako ikasleek egindako gozoak herriko establezimenduetan eskainiko dira, txandaka, hilabetean behin; udal-brigadak eramango ditu gozoak establezimenduetara. Maiatzera bitartean, bina establezimendutan eskainiko dira gozoak: lehenengo txanda datorren astean izango da, azaroaren 8an, NI eta Ane ile-apaindegietan, 11:00etatik aurrera. Antza, garai batean antzeko ekimen bat egiten zen jubilatu elkarteei zuzenduta, eta hori berreskuratzea izan da asmoa. Gozoak non izango diren jakiteko euskarriak jarriko dira txanda bakoitzean.

Gainera, sukaldaritza tailer xume bat egingo dute Egurtzegin, OLH-ko ikasleak eta eguneko zentroko zein zaintzadun etxebizitzetako bizilagunekin: bederatzi lagunek eman dute izena.