Eduki publikatzailea

Atzealdea Memoria

2024ko urriko Udalberrin argitaratutako zutabea, memoria historikoaz.

2024·10·10


Lau urte luze joan dira 1936ko gerrak Usurbil eta usurbildarrak nola kolpatu zituen ikertu, herritarrek pairatutakoa berreskuratu eta balioan jartzeko proiektua abiatu genuenetik. Usurbil1936 Oroimen Elkartearekin sinatu hitzarmenak proiektua indartu, gorpuztu eta Usurbilen lur hartzea ekarri zuen. Hitzarmenak eta elkartetik bolondreski egin den lan andanak ahalbidetu du hamaika proiektu abian jartzea, besteak beste: artxiboak aztertu eta dokumentazioa biltzea, memoria lekuak sortzea, omenaldiak eta senideei aitortza publikoak egitea, webgunea eratzea, testigantzak jasotzea, Andatzako lubakiak berreskuratzea, edota aurkeztu berri dugun herriguneko Gerraren memoria ibilbidea osatzea.

Hamaika proiektu, eta helburu bera: memoria historikoa berreskuratzea, gaurko eta ondorengo belaunaldiei gertatutakoa transmititzeko. Izan ere, memoria historikoa ez da artxibo batean gordetzen diren paperak bakarrik, edo museo batean gorde daitezkeen harriak edo balak. Memoriak kolektiboa izan behar du; herritarrek osatutakoa. Bizia. Testigantzez josia. Eta halaxe egin dugu Usurbilen. 

Historia beti idazten du irabazleak, eta urte askotan herri honetan gertatutako gauza asko kontatu izan dira ikuspuntu horretatik. Hori ere izango da memoria historikoaren parte; baina parte bat bakarrik, eta, gainera, kasu askotan, gezurrez betetakoa. Horregatik, ez da aski memoria aldarrikatzea. Memoria landu egin behar da. Egian oinarritutako memoria behar dugu. Eta garrantzitsuena: euskarriak sortu behar ditugu memoria horren transmisioa bermatzeko.

Nabarmentzekoa da elkarteak sortutako webgunea: usurbil1936.eus. Ondo egituratua, argia, dokumentatua, izen-abizen eta testigantzen gune eta altxorra. Izugarrizko ekarpena egiten dio gure herri-memoriari, herri-eraikuntzari, bizikidetzari eta curriculumari.

Gerraren memoria ibilbidea -k ere horretan sakondu nahi du. Andatzako lubakiena bezala, 650 Usurbil Biziren eskaintzaren barruan sartu dugu, udala, Noaua eta Usurbil1936 elkartearen elkarlanari esker. Horixe baita 650 Usurbil Biziren funtsa: udalaren eta herriko taldeen elkarlana oinarri, gure herriaren eskaintza atalez atal osatzea, eta denon gozagarri eta erakusgarri jartzea, bertakoentzat zein bisitarientzat. Proiektuaren ‘Memoria historikoaren Usurbil’ atala gure herriaren memoria ezagutu eta jaso nahi duenarentzat aukera aparta da. 

Lau urterako sinatu genuen hitzarmena, eta dudarik ez dut lankidetza zinez emankorra izan dela. Udalak egin duen ekarpen ekonomikoa ere handia izan da, 100.000€ ingurukoa. Aldeok hartutako konpromisoak beteta, hitzarmena amaitzear da. Arrasto itzela utzi du, eta espero dut herri hau gai izatea bere memoriaren berreskurapenean jarraitzeko: bizikidetzarako ezinbesteko oinarria da, eta, batez ere, berriro halakorik ez gertatzeko bermea.