Albisteak
Atzealdea

Melillako sarraskiari eta Errefuxiatuen Egunari lotutako mozioak onartu dituzte, osoko bilkuran

Aho batez onartu dute CEAR elkarteak Errefuxiatuen Egunari lotuta proposatutako mozioa; Melillako sarraskiaren ingurukoa, berriz, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin.

2022·07·26


Migrazio politikei lotutako bi mozio onartu dituzte uztaileko osoko bilkuran: Melillako sarraskiari buruzkoa eta Errefuxiatuen Egunari buruzkoa. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu duenez, ekainean izan zen Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna. CEAR elkarteak bigarrenari lotutako mozio bat bideratu zuen ekainean: moldaketa batzuk egin nahi zituztela eta, uztaileko osoko bilkurarako prestatu zuten mozioa, jatorrizkoaren espirituari eutsiz, eta hori lantzen ari zirela gertatu zen Melillako sarraskia. “Ulertzen dut elkarri lotutako bi mozio direla; osoko bilkuran Melillan gertatutakoaren konstantzia geldi zedin nahi izan dugu”.

Errefuxiatuen Nazioarteko Egunari lotutako mozioari dagokionez, aho batez onartu zuten. Testu horren bidez, Usurbilgo Udalak hainbat eskakizun egin dizkio Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, eta, era berean, hainbat konpromiso hartu ditu. Espainiako Gobernuari, besteak beste, eskatu dio nazioarteko babesa aitortzeko estandarrak berma ditzala, Europako gainerako herrialdeekin bat etorriz, eta pertsona guztien asilo eskubidea ziurta dezala, horien jatorrizko herrialdea edozein dela ere. Eusko Jaurlaritzari, besteak beste, nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonentzako harrera-sistemaren malgutasuna eta iraunkortasuna ziurta dezala eskatu dio, baita enplegu-bilaketa aktiborako sarbidea erraztea eta osasun mentaleko arreta-sarerako edo lan psikologikora zuzendutako taldeetan parte hartzeko sarbidea erraztea.

Melillako sarraskiaren inguruko mozioa, berriz, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu dute; PSE-EEk aurka bozkatu zuen. Patxi Suarez zinegotzi sozialistak azaldu duenez, onartezina iruditzen zaio Melillan gertatutakoa, baita gertatu eta berehala Espainiako presidenteak egindako adierazpenak ere. “Dena den, testuaren arabera badirudi Marokoko eta Espainiako estatua alde berean daudela, eta ez da horrela”.

Mozioak, osorik:

Errefuxiatuen Egunarena, hemen.

Melillako sarraskiarena, hemen.