Eduki publikatzailea

Atzealdea Matiak Kalezar sarrerako errepidea asfaltatzeko lanak egingo ditu, datorren astean

Pikaolako bidegurutzetik hasi eta Kalezarko sarreraraino doan errepidea asfaltatuko dute, ekainaren 19tik 23ra bitartean: lanak egin bitartean ezingo da bertatik pasatu, ez autoz ez oinez. Mozketa egiteko baimena bost egunetarako eskatu arren, lanak lehenago bukatzea espero dute. Horren aurretik, gaur eta bihar aparkalekuak asfaltatuko dituzte.

2023·06·15


Matiak Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunearen pareko errepidea asfaltatuko du datorren astean, Pikaolako bidegurutzetik hasi eta Kalezarko sarreraraino. Tarte horretan, ezingo da bertatik pasatu, ez autoz ez oinez. Lanak ekainaren 19tik 23ra bitartean egingo dituzte. Dena den, Kalezarren ospatzen diren San Joan jaien bezpera izanik, hilaren 23a baino lehen amaitzeko eskatu die udalak: izatez, mozketa egiteko baimena bost egunetarako eskatu duten arren, lanak lehenago bukatzea espero dute.

Errepidearen aurretik, gaur eta bihar artean, auzunearen kaleko eremuko aparkalekuak ere asfaltatuko dituzte. Kasu horretan, ez da mozketarik izango, eta autoz zein oinez bertatik pasatzeko aukera izango da. 60 aparkaleku inguru sortuko dira auzunean, erabiltzaileei bisitan joaten direnentzat zein herritarrentzat; lurrazpiko aparkaleku bat ere izango du zaintzadun auzuneak, kasu horretan, bertako langile eta bisitarientzako.