Eduki publikatzailea
Atzealdea Maskara berrerabilgarriak banatuko ditu udalak, etxez etxe
2020·07·24
Maskara espazio ireki zein itxietan derrigorrezkoa den honetan, udalak maskarak banatzea erabaki du, etxez etxe: launa, etxebizitza bakoitzeko. Maskara berrerabilgarri higienikoak dira, UNE65 arauarekin homologatuak, eta bost aldiz garbi daitezke. Datozen orduetan hasiko dira banatzen herriko auzo eta etxe guztietan, Herritarren Babes Sarearen laguntzarekin.
Udal-gobernuaren ustez, maskaren erabilera orokorturako baliabideak jarri beharko lituzke administrazio publikoak, maskarak erosteak familien gastuak handitzea baitakar. Baina, halakorik ez datorrenez udalez gaindiko erakundeen aldetik, pauso bat ematea erabaki du: “Horregatik, nahiz eta udal honen baliabide ekonomikoak mugatuak izan, 12.000 maskara erosi ditugu”.
Hondakinen prebentzio eta kudeaketarako Usurbil 0.0. programaren irudia dute maskarek. Izan ere, maskaren derrigorrezko erabilerak beste arazo bat sortu du: errefusaren ontzian bota behar dira, eta hondakin mota horren gehitzea ekar dezake. Horregatik, udalak berrerabileraren printzipioari eutsi dio, eta bost aldiz erabiltzeko modukoak banatuko ditu: zorroan bertan ageri da nola garbitu behar diren azaltzen duen informazioa.
Maskara mota ugari dago, gaur egun, eskuragarri. Maskara kirurgikoak erabilera bakarrekoak dira. Maskara higienikoek kirurgikoen itxura dute, baina UNE65 araua bete behar dute izen hori hartu ahal izateko. EPI-ek, berriz, R hizkia izan behar dute berrerabilgarriak izateko.
Hona maskarak banaketa antolatzeko udal-ordezkari zein Herritarren Babes Sareko kideek egindako saioaren zenbait argazki: