Eduki publikatzailea
Atzealdea Martxoaren 29ko ‘Usurbil, herri zaintzailea’ ekitaldia ere, sarean ikusgai
2025·04·04

Usurbilgo Udalak hainbat eragile eta norbanakorekin elkarlanean azken urteetan zaintza eredu propioa eraikitzeko egindako lanketa eta eraldaketa aurkezteko ekitaldia egin zen, martxoaren 29an, Sutegin, Usurbil, herri zaintzailea izenburupean. Hitzordua osorik grabatu eta sarean jarri da, orain, udalaren Youtubeko kanalean.
Hainbat urtetako lanketaren ostean, pertsona ardatz duen arreta eredu propioa martxan jarri da Usurbilen. Aldaketarik esanguratsuena arreta zerbitzuak soilik eskaintzetik Bizi Planak osatzera pasatzea izango da, eta aldaketa horren berri eman zen martxoaren 29ko ekitaldian. Egun horretan bertan estreinatu zen orain arte egindako lanketa erakusten duen Usurbil, herri zaintzailea dokumentala, eta hori ere sarean dago ikusgai.
Ekitaldian, gainera, Usurbilgo zaintza ekosistema zein elementuk osatzen duten azaldu zuten, horren parte diren pertsona eta ordezkariak oholtzara gonbidatzearekin batera (albistearen irudian): hori ere Youtuben dago ikusgai. Era berean, Usurbil herri zaintzailea izan dadin, ezinbestekoa da komunitatearen izaera indartzea, elkar-zaintza balio unibertsal bihurtuz. Hala, pertsona ardatz duen arreta ereduarekin bat egiten duten proiektu komunitarioetako ordezkariak ere oholtzara igo ziren, euren jardunaren berri emateko: komunitate lantaldea, merkatari zaintzailearen sarea, Txirikordako bizilagunak, buru osasunaren inguruko lanketan ari diren gazte mugimenduko kideak, HarEman programako bikote bat eta Hurbilduz proiektua dinamizatzen ari den Zabalduz kooperatibako kideak.
