Eduki publikatzailea
Atzealdea Martxoaren 23an inauguratuko dute Pelaioenea, auzotarrek eta emakumeek elkar hartuta
2024·02·16
Kalezarko Pelaioeneak badu inaugurazio eguna: martxoaren 23an, larunbata, izango da, eguerdian. Eraikina barrutik osatzeko obrak amaitzear daude, azkenean, eta hori aitzakiatzat hartuta han bertan bildu dira kalezartarrak eta Emakumeen Etxeko sustatzaileak, udaleko ordezkariekin batera. Eguna jakinaraztearekin batera, nahi duen herritar oro gonbidatu dute bertara.
Kalezarko Pelaioenea bi proiekturen egoitza izango da: auzotarren udal-ekipamendua eta Usurbilgo Emakumeen Etxea. 2020-21 artean nork bere parte-hartze prozesua egin zuen, Elhuyarrek gidatuta, eta zenbait saiotarako elkartu ziren, Pelaioenearen funtzionamenduari buruzko alderdiak elkarrekin erabakitzeko. Pelaioeneko obrak amaitzear, berriz elkartu dira, orduan hitz egindakoak gogorarazi eta xehetasunak adostuta uzteko.
Hasieran hala aurreikusi ez bazen ere, han kokatuko da udaleko Berdintasun saila, eta han eskainiko dira, baita ere, sail horrek antolatutako ikastaro, zerbitzu eta bestelako ekitaldiak ere. Ondo bidean, Aste Santuen ostean izango da hori.
Hainbat hilabetetako atzerapena
Pelaioenea barrutik eraikitzeko lizitazioa Indenort enpresak eskuratu zuen, eta 2022ko urrian hasi zen lanean. Udalak 585.000 euroan lizitatu zuen obra hori, eta lanak sei hilabetetan egingo zituela adierazi zuen enpresak: 2023ko udaberrirako amaituta behar zuen obra 2024ko martxoan entregatuko dute, azkenean. Udalak enpresari jakinarazia dio dena amaitutakoan isuna jarriko diola.