Eduki publikatzailea

Atzealdea Martin Villa ‘persona non grata’ izendatu du Usurbilgo udalbatzak, EH Bilduren botoekin

EAJ eta PSE-EE abstenitu egin dira. Aho batez onartu dituzte Pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunaren harira iraileko osoko bilkuran atzeratutako mozioa eta EAEko administrazioari zuzendutako idazkiak udal-erregistroan aurkezteko Usurbilgo Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmena.

2020·10·30


Urriko osoko bilkura egin dute bart Usurbilgo udalean. Zeresan handiena Martin Villa persona non grata izendatzeko EH Bilduk aurkeztutako mozioak [osorik] eman zuen. Eskaera hauek egin zituen EH Bilduk mozioaren bidez:

  • Gobernu espainiarra premiatu 2015eko martxoaren 13an Ministro Kontseiluak hartutako erabakia bertan behera uzteko, alegia, Maria de Servini epaileak Martin Villari deklarazioa hartzeko egindako estradizio eskariari zegokiona.
  • Nazioarteko Zuzenbidearen “estraditatu edo epaitu” printzipioa aplikatuz, Estatuak behar bezalako neurriak har ditzan auzitegi espainiarrek diktadura frankistan eta Trantsizio politiko deitutakoan gauzatutako gizateriaren aurkako krimenak ikertu eta epaitu ditzaten, eta, bereziki, Martin Villaren erantzukizuna izan daitezkeenak.
  • Udalerri honetan Martin Villa persona non grata deklaratzea.
  • Maria Servini epaileari frankismoko krimenen zigorgabetasunarekin amaitzeko egiten ari den lana eskertu, Gobernu Espainiarrak jarritako oztopo guztien ondotik, presidente izandakoek eta beste zenbait ordezkarik gutun bidez Martin Villari eman babesa salatu eta Argentinako Errepublikaren Krimen gaietarako eta zentzategi federaleko 1. Epaitegi Nazionalari.

EAJ “erabat ados” agertu zen mozioarekin, baina hirugarren puntua luzatzea proposatu zuen, honela: “Frankismo garaian zein ostean giza eskubideen eta gizateriaren aurkako krimenak eragiteagatik epaituak eta kondenatuak izan diren edo izango diren pertsona guztiak persona non grata izendatzea udalerri honetan”. EH Bilduk, bere aldetik, erantzun zion orain arte ez dela inor kondenatua izan frankismo garaiko krimenengatik, eta, beraz, esaldiaren zati hori kentzea proposatu zion EAJri. Azkenean, EAJk atzera egin zuen bere proposamenean.

PSE-EEk, bere aldetik, testu bat irakurri zuen, abstentziora jotzeko arrazoiak emateko: batetik, nabarmendu zuen, “tamalez”, 1977ko Amnistia Legearen bidez defendatzen duela bere burua Martin Villak, eta ez zaiola gustatzen zenbaitek lege hori aprobetxatzeko aukera izatea. Horrez gain, mozioaren “dialektikarekin” ados ez zegoela azaldu zuen, “trantsizio politiko deiturikoa” zatiarekin zehazki: “Hori zuek pentsatzen duzuena da: ez zen perfektua izan noski, eta, oraindik, gure demokrazia hobetu daiteke, baina trantsizioari esker, orain bildu gaitezke, guztiari buruz hitz egin eta politika egin dezakegu”. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak erantzun zion Amnistia Legeak ez zuela frankismoarekiko hausturarik ekarri, eta, horregatik, frankismoko egiturak oraindik indarrean daudela, kasu, Audientzia Nazionala eta Espainiako errege etxea. “Horrez gain, ilegalizazio politikaren ondorioz, epaitua izan nintzen, espetxean egon nintzen, eta atzo bertan Guardia Zibilak Katalunian, 20 bat lagun atxilotu zituzten prozesu independentistarekin lotuta. Beraz, ez dut uste Trantsizio Legeak politika egitea ahalbidetu duenik. Pena ematen dit: frankismoaren kontra hainbeste borrokatu zuten alderdi sozialistako emakume eta gizon haiek ez dakit zer pentsatuko zuten Felipe Gonzalez edo Jose Luis Rodriguez Zapatero halako gutuna sinatzen ikusita. Ikusten da zer nolako inpunitatea duten oraindik ere frankismo garaiko arduradunek”. EH Bilduren botoekin egin zuen aurrera mozioak; EAJ eta PSE-EE abstenitu egin ziren.

Iraileko osoko bilkuran pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunaren harira EH Bilduk aurkeztutako mozioa ez bozkatzea erabaki zuten, testua alderdi guztien arteko adostasunarekin onartzeko. Testu berria aurkeztu zuten atzo, eta aho batez onartu zuten [osorik]. Honakoa onartu dute:

  • Pobrezia ezabatzeko konpromiso irmoa adierazten dugu. Horregatik, honi aurre egiteko beharrezkoak diren neurri ekonomiko, sozial eta fiskalak hartzeko prestutasuna agertzen dugu, orain artean bezala, besteak beste, Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak funts propioekin osatzen jarraituko dugu.
  • Covid-ak gure komunitatearen zaurgarritasun soziala eta pobrezia egoerak larriagotu egin ditu eta, horregatik, erakunde publiko guztien lehentasunezko jarduera izan behar du ezinbestean. Horretarako, ezinbestekoa da erakunde guztiek politika publikoak indartzeko konpromisoa hartzea, enplegua, ekonomiaren errekuperazioa eta gizarte politikak herriaren berreraikitze sozial eta ekonomikoaren aldaketarako palankak bilakatuz. Norabide horretan, Jaurlaritzari eskatzen diogu premiazko neurriak hartzeko gure babes-sistema (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta DSBE/ Etxebizitzarako Prestazio Osagarria EPO/ Gizarte Larrialdietarako Laguntzak GLL) Covid-19aren krisiaren ondoriozko beharretara egokitzeko. Eta epe labur eta ertainera, banakotasunaren, estaldura unibertsalaren eta baldintzarik ezaren printzipioetan oinarritutako babes-sistema baten aldeko pausuak eman ditzan.
  • Gizartean pertsonen erabateko integrazioa lortzeko Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zentraltasuna aldarrikatzen dugu. Horregatik, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuak garatzeko eta indartzeko konpromisoa hartzen dugu, eta konpromiso honi atxikitzeko eskatzen diegu gainerako erakundeei.

Azkenik, Usurbilgo Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmen bat ere aho batez onartu zuten. Hitzarmenak EAEko administrazioari zuzendutako hainbat idazkari udalaren erregistrotik tramitatzeko bidea ematen du. Izatez, ez da ezer berria, jada egiten den zerbait baita, baina praktika hori hitzarmenean jasotzea erabaki dute.

Galdera-eskaeren tartean, hurrengo osoko bilkura telematikoki egitea eskatu zuen PSE-EEk. EH Bilduk adierazi zuen atzokoa ere hala egiteko zalantza izan zutela, baina hainbat arrazoi tarteko aurrez aurre egin behar izan dela. Dena den, aztertzekotan gelditu ziren.