Eduki publikatzailea
Atzealdea Lilatoian talde gisa parte hartzeko proposamena egin du Emakumeon Etxeko talde sustatzaileak
2024·12·09
Emakumeen lasterketa herrikoi Lilatoian talde gisa parte hartzeko proposamena egin du Emakumeon Etxeko talde sustatzaileak. Taldea osa daitekeen baloratzeko, parte hartu nahi luketen emakumeentzako izena emateko epe bat jarri dute, abenduaren 10etik 23ra, galdetegi bat beteta. Zehazki, bi talde egin daitezkeela proposatu dute: Lilatoia korrika edo oinez egiteko, bakoitzari erosoen zaion moduan.
Aurten, otsailaren 23an izango da emakumeen lasterketa herrikoia. Hori horrela, Emakumeon Etxeko talde sustatzaileak Gabonen ostean entrenatzen hasteko proposamena egin du: taldea osa daitekeen baloratu nahi dute, beraz, Gabonen aurretik. Izena emateko epea horren arabera jarri duten arren, epe horretatik kanpo ere eman ahal izango da izena, Lilatoian parte hartzeko izen-ematea irekita dagoen bitartean.
Ariketa fisikoa elkarrekin egitea herriko emakumeak elkartu eta harremanak sendotzeko modua izan daitekeelakoan egin dute proposamena. Izatez, proposamen hori aipatu izan da Emakumeon Etxeko asanbladetan: Elkarrekin Egunean 50 emakume inguru elkartu ziren azaroaren 30ean, eta orain Lilatoia elkarrekin egiteko proposatu dute.